Alango eta Aiboa lotzeko oinezkoen ibilbideak hobetzeko lanak abiatuko dituzte bihar

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 19a, 09:38

Alango eta Aiboa arteko ibilbideak hobetzeko eta finkatzeko lanak hasiko dira bihar, eguenean. Horren helburua da inguru horretan (Aiboako metro-geltokia eta Foru kalea) dauden oinezkoentzako ibilbideen baldintzak hobetzea eta ibilbide berriak egokitzea.

Hasteko, obra-txabolak ipiniko dira (Aiboako geltokiko inguruan) eta obra-zuinketa egingo da. Lanak egiteko epea 16 astekoa da, aldaketak egon daitezkeen arren eguraldiaren baldintzen arabera. “Oinezkoen pasabide hauek hobetzeko eta finkatzeko lanak hasita eta Aiboako geltokia Miguel Beascoa kalea (Zahar-egoitzaren inguruan dagoen kalea) lotuko dituen igogailu berriaren instalazioarekin (horren lanak 2018 urtea amaitu baino lehen esleituko dira), urrats berri bat egingo dugu aurrera, Aiboa-Alango-Arene esparru publikoa egokitzeko Plan integrala gauzatzeko bidean; honako premisa hauek dituen egitasmoa: irisgarritasun unibertsalaren, aisialdiaren eta jolas-eremuen hobetze mekanikoa eta zirkulazioaren lasaitzea”, adierazi du Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak.

Oinezkoen pasabideen hobetzea da jarduketa garrantzitsuena, Aiboa eta Alango arteko lotura berria ekarriko baitu, hots, Neguri eta Algorta artekoa, eta hori guztia parke berri baten bitartez.

Orain arte egindako lanei dagokienez, Euskal Herria eta Txakursolo kaleen artean zirkulazioa lasaitu eta segurtasuna hobetzeko lanak dagoeneko amaituta daude, baita Euskal Herria eta Foru kaleen elkargunekoak ere, bi biribilgune berri eraikita; gainera, bi errotonda horien arteko errodadura hobetu da.

Juan Bautista Uribarri kalea zabaltzeko lanak amaitu dira, Iturribarri parkeko oinezkoen ibilbideak zabalik daude eta laugarren igogailuko lanak urrian hasiko dira berriz, prefabrikatutako piezak entregatzeko egunaren zain egon eta gero; Alango aldean dauden igogailuek dituzten piezak berdinak dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun