Hurrengo udal-batzarrera aurkeztutako mozioan GUKek azaldu duenez, azken 15 urteetan, Getxo aire-kalitate kaskarrenetarikoa daukaten Behe Nerbioi ibarreko udalerrien artean egon da: "kutsadura-guneak areagotu egin diren bitartean, kontrolerako neurriak murriztu egin dira". 2011n itxi zituzten Getxoko Arrigunagako, Areetako Santa Ana auzoko eta Portugaleteko Nautika Eskolako estazioak. Kike Prada zinegotziak azaldu duenez, "zehazki, PM2,5 gai kutsakorrak maila kezkagarriak izan ohi ditu Getxo udalerrian; kalte handiak eragiten ditu arnasketa-aparatuan; batez ere nagusiengan, umeengan edo arnasteko arazoak dauzkaten pertsonengan".
Airea kutsatuta dago
GUKeko ordezkariak gogoratu duenez, daborduko 2003an eta 2005ean legez onartuta dauden mugak gainditu zituen gai kutsakor horrek, eta ondorioz, Europako Batasunak aurreikusitako ekintza-plana abiatu zuten eskualde osoan. Hala ere, horren ostean, 2008an eta 2011n ere baimendutako mugak gainditu ziren.
"Ordutik gaur egunera arte, eguneko hainbat ordutan kutsadurak izugarri egiten du gora; besteak beste, abuztuaren 5ean, airea kutsagarria izan zen bizilagunen osasunarentzat. Lehen aipatutako ekintza-planak Udalari ere dagokionez, bere arduradunei galdetu gura diegu gaiaz", azaldu du Pradak.
Horregaz lotuta, kutsadura-mailaren datuak denbora errealean ematea eskatu du GUKek, eta Osasunaren Munduko Erakundeak osasungarritzat jotzen dituen mailak ere bai; izan ere, datuak "hainbat ordutako atzerapenaz" ematen dituzte.