Bere ediziorik "onenari" agur esango dio Getxophotok domekan

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 26a, 13:31
Domeka izango da Getxophotoz gozatzeko azkenengo eguna.

Programazioaren kalitatea, ikusle kopuruaren etengabeko gorakada, esku-orrien agortzea, komunikabideen harrera, webguneak jasotako milaka bisitak eta jardueren harrera ikaragarria kontuan hartuta, orain arte egindako guztien artean Getxophoto jaialdirik arrakastatsuena jo du aurtengoa Begihandi Kultur Elkarteak.

Datorren domekan, hilaren 30ean, amaituko da Getxophoto 2018. Beraz, hauexek izango dira aurtengo programazio artistikoa osatzen duten 13 erakusketez gozatzeko azkenengo egunak.

Bigarren urtez Monica Allende izan da jaialdiaren zuzendari artistikoa. Ohiko formatuak erabiltzeaz gain, narratiba eta ikusizko lengoai berriei lekua egin die programazioan, hala nola, alegiazko errealitatea, dronak, collage-ak eta sateliteen irudiak.

Jaialdia zenbakietan:

  • Hilabete bat.
  • 13 erakusketa, 4 barruetan eta 9 kalean.
  • 16 herrialdeetatik etorritako 24 artista.
  • 5.000 bisita baino gehiago Info Puntuan.
  • 90.000 erabiltzaile desberdin webgunean.
  • 10.000 ikusle aretoetan.
  • 80.000 ikusle kaleko erakusketetan (ustez).
  • 2.500 parte-hartzaile zuzenak Jaialdiak antolatuta jardueretan.
  • 15 jarduera paralelo.
  • 80 profesional gonbidatuak.

Balorazioa

Datorren igandean, hilak 30, amaituko da Getxophotoren hamabigarren edizioa. Apenas bost egun geratzen dira aurtengo programazioa osatzen duten 13 erakusketak ikusteko. Instalazioak San Nikolas plazan, Algortako Azokan, Portu Zaharrean, edontzi-azpikoak, proiekzioak… Ezohiko espazio eta formatuak herria lasai ibiltzen ikusteko diseinatuak.

Erik Kessels eta Thomas Mailaender artisten Jump Trump instalazio parte-hartzaile eta interaktiboakaz eman zitzaion hasiera jaialdiari. Lau egunetan ia 3.000 pertsona hurbildu ziren Getxo Antzokira, eta zehazki 507 lagun ausartu ziren salto egitera. Ez zen gehiagorako denborarik egon.

Aipagarria da, Algortako gasolindegi abandonatuan Luca Locatelli italiarraren Germany Energy Revolution instalazioak izan duen harrera ona. Bestetik, Begoñako galerietan, "Estatua gatazkan" erakusketa dago, edizio honetan gehien ikusitako erakusketa.

Datu batzuk aipatzearren, ia 10.000 lagunek ikusi dituzte areto itxietan antolatutako erakusketak, eta nahiz eta zehazki jakiterik ez dagoen, kalean ipinitako erakusketak 80.000 lagunek ikusi dituztela estimatzen dute antolatzaileek. Informazio-puntuan jasotako datuen arabera, Bartzelona, Ciudad Real, Madril, Murtzia, Granada, Girona edota Valentziako lagunak hurreratu dira Getxora hilabete honetan. Aipagarria da Alemania, Suitza edota Frantziatik ere bisitak jaso izan direla.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun