Begoñako galerien erabilera publikoaren aldeko konpromisoa sendotu du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 28a, 14:50
Begoñako galeriak, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Aurtengo jarduera guztiek eta 2018/2020 esku-hartze programak berretsi egin dute azken helburua dela hiritarrentzako eremua sortzea, eta errespetatu egingo direla "erabilera sozio-kulturalak, turistikoak edo zerbitzu publikokoak".

2018an zehar Begoñako galerietan 100 jarduera baino gehiago egingo dira, nagusiki kulturalak, sozialak, prestakuntzakoak edo hirikoak. Ekainean antolatu zen mikroantzerkia, iraileko Getxophoto, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea azaroan, Ondareari buruzko Jardunaldiak urrian, Unescoren Sare topaketak urrian eta performance artistikoak urrian eta azaroan, besteak beste. Askotariko ekimenak egin dira, eta horiek denek erakusten dute Begoñako galeriek artearentzako, kulturarentzako, eztabaidarako eta sorkuntzarako espazio pribilegiatua dela eta askotariko aukerak eskaintzen dituztela.

Aurten jarduera berriak egin dira, eta garrantzitsuena dena da kasu askotan proposamenak sortu dituzten pertsonek, kolektiboek eta erakundeek hala eskatuta aurkeztu direla galerietan, uste dutelako lekurik egokiena dela beraien lanak erakusteko.

Kirola, moda, artea eta askoz ere gehiago

Begoñako galerietan kirolagaz lotutako jarduerak egin dituzte, adibidez Espainiako Txirrindularitza Itzulia, eta laster aurkeztuko duten Challenge Surf ekitaldia. Gainera, modagaz, arteagaz (Okela Bilboko Artisten Elkartearen erakusketa), toponimiagaz, euskaragaz eta historiagaz (Sorginzulo antzerkia), emakumeagaz eta emakumeek kultura espazio honegaz duten harremanagaz, musikagaz eta abaerregaz lotutako beste hainbat ekintza ere egin dira.

Prestakuntza jarduerak biderkatu egin dira (ikastetxeak, unibertsitateak, graduko eta graduondoko ikasketak, doktoretza tesiak, hitzaldiak, eztabaidak, tailerrak, unibertsitate praktikak…), proiektuaren jarduketa ardatzetako bat prestakuntza integrala eskaintzea baita Ondare Kulturalaren bitartez.

Nazioarteko profesional ospetsuek eta erakundeetako ordezkariek bisitatu dute lekua, proiektu berritzaileek erakarrita, eta Guggenheim Museoa ere bertan egon da, Juan Ignacio Vidarte bertako zuzendaria bisita horren buru izan zelarik.

Obraren aurrerakuntzak

Obrak 2018an aurrera egin du, besteak beste egongela iragazgaitz egin zuten, goiko espazioan begiratokia-talaia eraiki zuten, hego-mendebaldean bisitatu daitekeen galeria habetu egin zuten eta pasabidea sortu zuten, zeramikak eta marmolak garbitu zituzten eta egongelako arotzeria lanak hasi zituzten. Arotzeria lan horiek eskuz egingo dituzte eta bisitatzeko aukera egongo da, eta gainera, lorategiko iparraldean indusketa arkeologikoa egingo dute, izaera interaktibo eta didaktikoagaz.

Horrez gainera, egongela eta hego-mendebaldeko pabiloia eta bertako fatxadak babesteko eta sendotzeko proiektua diseinatu da, % 1,5 Kultura Programaren deialdiari egokituta; urteko azken hiruhilekoan ebatziko da eta ondorioz obra nabarmenki aurreratu ahal izango da, guztia ere ezagutza eta gizarte parte-hartze irizpidea kontuan hartuz.

Urtean zehar 10.000 bisitari baino gehiago

Biztanleei irekita egotearen ondorioz, 10.000 pertsona inguruk bisitatu dituzte galeriak 2018an zehar eta ibilbideetan eta/edo jardueretan parte hartu dute.

Obrak, bisitak, jarduera sozialak eta kulturalak, prestakuntza, herritarren proposamenak…horiek guztiek osatzen dute Begoña galeriek helmugaren eskema, eraberritzean eta eraberritzearen ondoren herritarrentzako espazioa dena. Bertan, eta Udalak % 1,5eko diru-laguntza eskatzean hartutako konpromisoa betez, "errespetatu egin beharko dira erabilera sozio-kulturalak, turistikoak edo zerbitzu publikokoak" gutxienez hurrengo 50 urteetan zehar.

Eraberritze prozesua irekia izatea, berretsitako udal konpromisoa egotea eta biztanleen parte-hartzea gehitzea proiektuaren jarraibideak dira, getxoztarren eta bisitarien zerbitzura dagoen hiri kalitatezko gune bat lortzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun