Galeako txapelketak Munduko Surf Ligatik (WSL) jasotako formatuari eutsiko dio, Jokin Arroyo txapelketako zuzendari teknikoak aipatu duenez: "Punta Galeak helburu bat badauka, bertako surfa hobetu, bere erakusleiho izan eta indartzea da". Modu horretan, hasieratik 24 surflarik, horien erdia euskal herritarra, hartuko dute parte, lau saiotan banatuta; onenak igaroko dira finalerdietara eta finalera.
Imanol Landa alkateak adierazi duenez, “iaz, Munduko Olatu Handien Ligatik atera eta txapelketaren lehenengo urteetako izpiritua berreskuratzeko erabakia hartu ondoren, kirolarien eta publikoaren aldetik izandako arrakastaren ondoren, edizio honetan, beste behin, modalitateko surflari onenek parte hartuko dute, bertakoek zein nazioartekoek.
Nic Lamben hirugarrena?
Hala, Getxoko txapelketara ziurrenik etorriko diren faboritoen artean, honako surflari handi hauek daude: Hego Afrikako Twiggy Baker, AEBko Nic Lamb (azken bi ediziotako txapelduna), Australiako Jamie Mitchell eta Natxo González euskal surflaria. Plentziako surflariarentzat Galeakoa txapelketa oso berezia da: "Uste dut aurten, alisioak eta haizeak sartuta dauden moduan, aukera handiak daudela Galean aurtengo txapelketa izugarria izan dadin”, aurreikusi du. Plentziarrarentzat oso berezia izan zen iazko saioa: "malkoei ezin eutsi nenbilen, banekielako senide eta lagunak itsaslabarretan begira nituela, babesa ematen, ahalik eta hoberen egin nezan desiratzen".
Antolakuntza osatzen dute Getxo Surf bertoko klubak, Euskal Herriko Surf Federazioak eta Getxo Kirolak udal-erakundeak; horien helburua da itxarote-denborako hilabeteetan egun egokiena aurkitzea; hau da, indar handiko olatuak eta 5 eta 7 metro bitarteko altuerakoak. Eguna iritsitakoan, 24 lehiakidek 18.000 euro jokatuko dute saritan, iazkoaren kopuru bikoitza, eta Europako olatu handien txapelketa ospetsuenaren eta zaharrenaren palmaresean sartzeko ohorea ere.
Aurreko urteetan legez, segurtasun-dispositiboa eta dei-alertak mantenduko dira olatuen iragarpenak baldintza egokiak iragartzen dituenean. Modu horretan, alerta horia ezagutzera emango da bost egun lehenago eta esperotako alerta berdea ekitaldia baino hiru egun lehenago. Eguna iritsitakoan, Getxo Kirolak-ek publikoaren esku jarriko du Bidezabalgo metro-geltokitik Galeara joateko autobusa.
Surfa, ekonomia sortzeko aukera-eremua
Azkenik, alkateak nabarmendu du Udala (Sustapen Ekonomikoaren, Kultura Gelaren eta Getxo Kirolak-en bitartez) egiten dabilen lana: "Punta Galea Challenge-k, ekitaldiaren egunaz haratago, presentzia izan dezan urteko gainerako egunetan eta surfa kirolaren, kulturaren eta ekonomiaren ikuspegitik sustatzen lagun dezan. Modu horretan, kontuan hartuta lehiaketaren ospea eta Getxok eta Uribe Kostak duten posizionamendu ona kirolari dagokionean, erakundeak eta sektoreko hainbat agentek horretan arreta jartzen gabiltza ekonomia sortzeko aukera moduan”, aipatu du Landak.
Horren harira, Begoña jauregian paratu dute Punta Galea Challengeren gaineko argazki- eta surf-oholen erakusketa. Jarduera-programa baten hastapena da hori. Programa horren helburua da gorantz doan sektorea, gure udalerrian hain sustraitua dagoen surfa, bultzatzea. Jarduera-programaren berri emango dute zehaztuta dagoenean.