Airearen kalitatea: legeak ipinitako mugak nahikoa dira osasuna babesteko?

Unai Brea 2018ko urr. 5a, 09:24

Automobilek botatako kea da aire-kutsaduraren iturri nagusietako bat.

Azken urteetan Getxoko airearen kalitatea txarra izan dela salatu du GUK talde politikoak. Udalak onartu ez duen mozio baten bidez, kutsadura neurtzeko sistema hobetzeko eskatu dute, besteak beste. 

Udalerrian gero eta gehiago dira sare sozialen bidez airearen kalitate eskasa eta usain txarrak salatzen dituztenak. Horixe izan zen GUK udal-taldeko Kike Pradak irail amaierako osoko bilkuran aurkeztutako mozioaren sarrerako argudioetako bat. Getxon airearen kalitatea neurtzeko sarea indartzeko eskatu zuen GUKek, baita ere kutsadura atmosferikoagaz arazoak dituzten udalek neurriak hartzeko eskumena edukitzea.

Mozioaren puntu azpimarragarrienetako bat legeak onartutako kutsadura-mailaren eta Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) gomendatutako baloreen arteko aldeari zegokion. Zenbait substantziaren kasuan, OMEk onargarritzat dituen gehienezko kutsatzaile-kopuruen oso gainetik daude Europar Batasuneko legediak baimentzen dituenak. GUKen asmoa zen Getxoko Udalak (baita beste batzuek ere, mozioa hainbat lekutan aurkeztu dute eta) Eusko Jaurlaritzari eskatzea OMEren parametroak kontuan har ditzala aire-kalitatearen gaineko datuen balorazio publikoa egiten duenean.

Legezkoa bai, baina...

EAEko Ingurumen Sailak bere webgunean ditu ikusbide airearen kalitatea neurtzeko estazio-sarean jasotako datuak. Haien balorazioa ere eskaintzen du, koloreen araberako sailkatze-sistema bategaz. Sailkapen hori egiteko, legediak ipinitako mugetan oinarritzen da Jaurlaritza; oso gutxitan gainditzen dira langa horiek, eta honenbestez kolore berdea izaten da nagusi balorazio semaforiko horretan, baita Getxori dagokionez ere. Hori arduragabekeriatzat jo zuen Kike Pradak irailaren 26ko mozioaren eztabaidan. GUKekoaren esanetan, airearen kalitatea herritarren osasunagaz lotutako gaia da batez ere, eta ondorioz osasunaren jagoletzaren ikuspuntutik kudeatu beharko litzateke, "eta ez mugatu beste barik legea betetzera".

Ecologistas en Acción taldeak espainiar Estatuko aire-kalitatearen gaineko txostena kaleratzen du urtero, eta beti azpimarratzen du OMEk emandako gomendioen gainetik kutsatutako airea arnastu ohi dutela milioika herritarrek. Getxori dagokionez, txostenak dio 2017an OMEren balioak gainditu zirela Algortako estazioan (Ingurumen Sailak gaur egun udalerrian duen bakarra) PM izeneko partikuletarako, kopuruak legeak baimendutakoaren barruan mantendu baziren ere.

GUKeri emandako erantzunean, Jose Luis Landa Ingurumen zinegotziak argudiatu zuen OMEk emandako balioak orientagarriak direla, gaur egun errebisatzen dabiltzala eta 2020rako aurreikusita dagoela berriak ematea. "Ildo horiek munduko hainbat hiri handitan dauden kutsadura-arazo oso larriei erantzuteko", esan zuen PSE-EEko kideak. "Euskadiko egoerak ez dauka zerikusirik, legeak ipinitako mugak behar bezain murriztaileak dira gure lurraldean dugun errealitaterako. Airearen kalitatea hobetzea beti dago, baina ez dago horri lotutako osasun publikoko arazorik hemen". 

Estazioak non?

Getxokoa, hilerri ondoan

Oraintxe kutsadura neurtzeko estazio bakarra du Getxok Jaurlaritzaren sare publikoan, hilerri ondoan. "Udalerriko gune populatuenetatik urrun", GUKen esanetan. Udal Gobernuak erantzun du kokapen hori egokia dela, haizea normalean harantz joaten delako.

Portuko estazioak

GUKek eskatu du Bilboko Portuak dituen hiru estazioetako datuak gehitzeko herritarren esku dagoen informazioan. Batez bestekoak baino okerragoak izaten dira horko datuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun