Hegazti migratzaileak, zapatuko protagonistak Getxon

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 5a, 13:58
Hegaztiak eraztuntzeko ekitaldia egingo dute bihar. © GETXOKO UDALA

Zapatuan, hilaren 6an, Hegaztien Munduko Eguna ospatuko dute Getxon, Bolueko Hezeguneko Eraztunketa-Estazioaren Ateak Zabaltzeko Egunagaz batera.

Mundu osoko ekitaldia da Hegaztien Eguna, BirdLife International erakundeak sustatua, 100 herrialde baino gehiagotan egiten dena. Bi dira Hegaztien Munduko Egunaren helburu nagusiak. Batetik, hegaztien mundua hurbiltzea jendeari, gure ingurune natural hurbilena kontserbatzearen garrantziaz kontzientzia sortzeko, gure planetako ingurumen kontserbazioan aurrera egiteko lehenengo urratsa den aldetik.

Eta bestetik, hegaztiek dituzten mehatxuen berri ematea eta beraien biziraupenerako behar diren kontserbazio neurriak azaltzea.

Aurten, migrazioaren mezua zabaldu gura dute, hegaztien habitatak, ugalketa-eremuak, geldialdiak egiteko tokiak eta migrazio-bideak babesteko garrantziagaz batera. "Hegaztiek  bizia eta kolorea ematen digute, natura hirietara hurbiltzen dute eta bidaiari handiak dira, mugarik ez dutenak, hesi kultural eta politikoak zer diren ez dakitelako. Horregatik guztiagatik, gure ingurumen-osasunak hobera egiten du haiekin kontaktuan egotearekin, besterik ez", aipatu du José Luis Landa Ingurumen zinegotziak, BirdLifen mezua bere eginez.

Hori dela eta, Udalak aipatutako jardunaldia antolatu du, eta bertan hegaztiei eraztuna ipintzeko ohiko ekintza egingo da hezegunean. Jarduera 09:00etatik 13:00etara egingo da, beti ere eguraldi ona egiten badu, euria edo haize gogorra egitekotan bertan behera utziko baitute.

Hegazti migratzaileakaz batera, umeak izango dira protagonista, beste behin. Horiengan gure planetaren balio naturalen kontserbazioarekiko errespetua sustatu gura dute. Udalak, aurten ere, hiritar guztiak animatu gura ditu zapatuko jardunaldian parte har dezaten, "gure udalerriko lekune natural garrantzitsuenetakoa da eta hegazti askoren aterpe iraunkorra", gogoratu du Landak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun