Gainera, Getxoarte dela eta, Galeriak programa ere abiatuko dute. Horren bitartez, belaunaldi ezberdinetako zazpi sortzaileren lanak izango dira ikusgai, Begoña gazteluko galerietan.
El Respiradero gorputzari buruz modu praktikoan hausnartzeko proposamena da. 48 orduz, gorputz-adierazpena, dantza eta ahotsa uztartzen dituzten ekintza eta performanceak izango dira. Publikoari irekitako programa esperimentala da eta artisten lanez gainera, mintegiak, tailerrak eta parte hartzeko saioak hartzen ditu, deialdiaren bidez hautatutako proiektuen emaitzen erakusketa ahaztu barik.
Jarduera eta proposamen oro kateatu egingo dira eskaleta ireki eta malgu bategaz, lanaren elementu tekniko denak argitan geratuz. Oraingoan, honako artista hauek parte hartuko dute El Respiraderon: Olatz Crespo, Beatriz Setién, Elena Aitzkoa, Mar Reykjavik, Oihana Altube, Javier Vaquero, Dani Hernández, Abraham Hurtado, Alberto Alonso, Aimar Pérez Galí, Jaime Conde Salazar, Marc Vives, Spoken Word Bilbao, Irati Inoriza, Laura Llaneli, Alexander Arilla Velázquez, Serpiente, Marion Cruza, Luz Prado, L-R, Horman Poster, Colectivo Qualquer, Equipo Jeleton, Joan Morey, Javier Martín, Niño de Elchem eta Antes Collado. El Respiraderoren ordutegia hauxe izango da: zapatuan, 10:00etatik 22:00etara eta, domekan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.
"Oskola parau"
Bestalde, Galeriak programaren "Oskola parau" erakusketan euskal artista garaikideren zazpi proiektu izango dira ikusgai. Okela Sormen Lantegia kolektiboak komisariatu du erakusketa helburu bigaz: hartu-emanak sustatzeko gunea sustatu eta nortasun handiko espazio historikoak, Begoñako galeriak, alegia, funtzio berriz hornitu.
Dani Llaría, Elisabeth Domínguez Ran, Eztizen La Cruz, Jone Loizaga & Taxio Ardanaz, Julen Agirre Egibar, Marc Vives eta María Muriedasen lanak erakutsiko dira bertan. Okela taldeak artista bakoitzaren karrera, lana eta berezitasunei arreta ipiniz egin du aukeraketa. Hurrengo baldintzak bermatuko dituen erakusketa antolatu gura izan dute: belaunaldi ezberdinetako artisten parte-hartzea, modu honetan beraien arteko ezagutza eta informazioaren transmisioa modu naturalago batean emateko eta beti ere genero perspektibagaz lan egin da. "Oskola parau" izenpean, erakusketak honen isla izan gura du: espazio naturaletik irteteko nahia eta artisten erabili barik dagoen espazioaren eta inguruaren artean harreman berriak sortzekoa.