Algortako ibilaldi neurturako izen-ematea zabalik

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 6a, 12:08
Iazko umeen ibilaldiko irteera. © ITXARTU TALDEA

Itxartu Taldea kultur elkartearen Mendigoizale Saila Algortako Ibilaldi Neurtua antolatzen dabil datorren urriaren 12rako, barikua; aurtengo edizioa 36. izango da.

Txango nagusiak, edo ibilaldi neurtuak, 18,5 kilometroko ibilbidea izango du, binaka edo bakarka egiteko; laburrean, edo herri-ibilaldian, bost kilometro bete beharko dute 10 urtez azpiko umeek eta laguntzaileek. Antolatzaileek espero dute ohi bezala bikotekako ibilaldian parte-hartzaile kopuru handia biltzea. Izen ematea egin daiteke, doan, Itxartu.com webgunean urriaren 9ra arte, edo Algortako batzokian, ibilaldiaren egunean bertan.

Izen-ematea

Webgunearen bidezko inskripzioaren fitxa bidali ondoren, parte-hartzaileek ohar bat jasoko dute  eskaera onartu dela adieraziko diona. Antolatzaileek eskatu dute itxarotea “bizpahiru egun” erantzuna jasotzeko eta bitartean berriro ere izena ez emateko. Erantzun barik hiru egun pasatuko balira, orduan bai, berriro apuntatzeko aholkatu dute “badaezpada ere”. Halere, oharragaz batera ez zaio inori zenbakirik emango.

Zenbakiak ibilaldiaren egunean banatuko dira eta bikoteen kasuan, alfabetikoki egingo dute txartelen banaketarako ordena, lehen ibiltariaren lehen abizenaren arabera; bakarrik egingo dutenen kasuan partaidearen lehen abizena hartuko da kontuan; umeen ibilaldiaren kasuan, lehenengo umearen lehen abizenaren arabera ordenatuko dira txartelak (laguntzaileek umearenarekin batera izango dituzte beren txartelak, beti umearen abizena kontuan hartuta, eta ez laguntzailearena).

Ibilaldiaren egunean hainbat mahai jarriko dira txartelak emateko eta mahaietan ondo adieraziko dute zein letratatik zein letratara jaso daitezken bakoitzean.

Ibilbideak

Gazteak eta helduak goizeko 08:00etatik aurrera hasiko dira ibiltzen Algortako batzokitik, eta Fadura, Iturgitxi, Sustatxa, eta Muñarrikolanda igarota, Sopelako Urko kiroldegian hamaiketakoa izango dute. Handik aurrera, Azkorri, Galeako pasealekua eta Aixerrotatik pasatuko dira, Algortako batzokian ibilaldia amaitzeko. Parte-hartzaileek ibilbideko kontrol denetatik igaro behar izango dute. Ibilbidea zailtasun gutxikoa da eta gutxi gorabehera hiru ordu eta erdia baino zerbait gehiagotan egin ahal izango da, hamaiketakorako geldiketa kontuan hartuta.

Hamar urtez azpikoentzat eta euren laguntzaileentzat beste ibilbide bat prestatu da: Algortako batzokitik aterako dira, honako leku hauetatik igarotzeko: Basagoiti etorbidea, Arriluze, Atxekolandeta, Bidezabal, Algortako etorbidea, Arriluze eta Algortako Kirol Portua. Bertan, geldiunea izango dute, hamaiketakoaz gozatzeko. Ondoren batzokira bueltatuko dira, Ereagako pasealekua eta Portu Zaharretik pasatuta. Ibilbide hori bost kilometrokoa eta erraza da, eta bere irteera 10:00etan izango da. Herri-ibilaldian gaztetxoen partaidetza banangoa izango da eta denek izango dute eguneko oparia bana eta euretako bakoitzak garaikur berdina izango dute.

Ibilaldia bukatu ondoren, txerri erretako mokaduaz gozatu ahal izango da 12:00etan Algortako batzokian; gainera, ordu horretatik aurrera egingo dute sari-banaketa batzokiaren patioan. Sari- eta opari-kopuru handia eta kirol material asko banatuko dute. 12:30ean, ibilaldi neurtuaren kontrolak kenduko dituzte eta, azkenik, 13:00etan, banatuko dituzte bikoteka jardun duten gazteentzako eta helduentzako opariak eta sariak.

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun