Azaroaren 24ko GART’18 jaialdirako lanak aurkeztera deitu du Garrobik

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 8a, 11:04
Aurreko jaialdi baten artxiboko irudia. © GARROBI

Garrobi arte eta kultur elkarteak GART jaialdiaren 18. denboraldiko bigarren saioa egingo du azaroaren 24an, Algortako San Nikolas plazan eta inguruetan. Topaketa horretan parte hartu gura duten artistek euren proposamenak aurkez ditzakete urriaren 19a baino lehen.

Hasieratik bertatik Garrobiren asmoa izan da artea, eta bere oinarri diren artistak, ikus-entzuleei, herriari, hurbiltzea. Azaldu dutenez, Oteizak Quousque Tandem bere gogoetazko kritikan azaldu zuen moduan, ondokoa uste dute: "Kultura ez bada herrira iristen helburu moduan, kultura ezak jardun egiten du eta aktiboki atzeratzen du, eta ikusezina den minbizi batek bezala suntsitzen du, geldo eta isilik, sistema espiritual osoa eta herri baten erreserba biziak". Euren ustetan, kulturak, arteak eta gizarteak harreman osasuntsua behar dute izan; naturala, zuhur edo gogoetazkoa eta sormenezkoa; sorginen (sortzaile) eta gainerakoen, herriaren, ikus-entzuleen artean. Gainera, egun gizarte artistiko-kulturalak arrazoia ematen diela nahiko ziur daude. "Izan ere, egun inoiz baino argiago dago publikoak sortze-prozesuan elementu pasibo izateari utzi diola".

Horrenbestez, "GART: seriea" proiektua abiarazi dute: hainbat topaketa artistikoren bilduma bat, pasartez pasarte, denboraldiz denboraldi, garatzen joango direnak, hartara GART izeneko serie hori zabaltzeko. Bertako eta/edo herriko artea eta kultura Getxoko kaleetan izatea ziurtatuko du horrek, honela, gainera, artisten eta publikoaren artean sormenezko trukea, gogoetazkoa eta zuhurra, hau, indarrean dagoen feedback-a ekarriko duen harreman-egoera sustatuko dute. Sortzeko harreman-egoera horrek lotu egiten ditu, modu horizontal eta neutralean, bi subjektibitate ezberdin: egiletzaren subjektibitatea, sortzekoa, alde batetik, eta hartzailetzaren subjektibitatea bestetik. Hartara, sortzeko prozesua uneko identitate bihurtzen da, tokikoa eta bizi izandako konpainiarena; hala, denboran aztarna sortuta. Aztarna suntsiezina eta, aldi berean, beharrezkoa bide baten bila dabilen gizarterentzako.

Hori dela eta, bertan balioa hartzen duten proiektuak aurkezteko deia egin gura dute Garrobikoek, ikusleak garatzeko eta sortzeko prozesuak esperimentatzera eta berrelikadura horretan parte hartzera gonbidatzen dituzten proiektuak.

Parte hartzeko moduak

  • Alde batetik, kaleko emanaldiak eta/edo performanceak daude: San Nikolas plazan edo, euria egiten badu, bertako pilotalekuan egingo direnak.
  • Bigarren aukera norberaren lanaren erakusketa bat egitea da, inguru horretako lokal laguntzaileetan (Ajuria taberna, Saniko, Salem, Biltegi…). GART egingo den eguna baino gehiago iraun dezake erakusketak (egoera fisikoan balego hau, noski. Obren erakusketa performatibo edo kontzeptuala ere izan daiteke eta, edota obraren aktibazio batentzako ere lekua dagoelako). Dena den, lokalaren jabeakaz zehaztu beharreko alderdia da hori.

Artista guztiek ordainsaria jasoko dute, sari eta jarduera ekoizteko gastu gisa.

Aurkeztu beharreko agiriak

GART topaketan parte hartu nahi dutenek hurrengo dokumentuak bidali beharko dituzte posta elektronikoaren bidez (info@garrobi.com helbidera). Mezuaren gaian "Gart T18E2 deialdia" idatzi behar da eta dokumentuak PDF fitxategi bakar batean bidali behar dira (ez ditu 10 MB-ak gaindituko):

  1. Datu pertsonalak (Izen-abizenak –eta izen artistikoa, desberdina balitz–, helbide elektronikoa eta telefonoa, NANaren kopia).
  2. Proposatzen den ekintza gauzatzeko behar den hornidurari buruzko oharrak.
  3. Curriculum vitaea (gehienez 2 orrialde).
  4. Topaketarako proposamena jasotzen duen txostena (gehienez 2 orrialde).
  5. Artistaren aurreko lana laburbiltzen duen txostena (gehienez 5 orrialde).

Epeak eta epaimahaiaren erabakia

  • Txostenak emateko azken eguna: urriaren 19a.
  • Hautatutakoen jakinaraztea: urriaren 26an.
  • GART t18 e2: azaroaren 24an.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun