Mercedes Hernández "gerrako neskatoari" harrera egin diote Getxon

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 9a, 08:52
Gerraren eraginez Areetatik Sobietar Batasunera erbesteratu behar izan zuten Mercedes. © GETXOKO UDALA

Mercedes Hernández Pujol, "Mercedes, una niña de la Guerra" liburuko protagonista eta haren egilea den Vicente Sala Moya hartu zituen atzo Imanol Landa Getxoko alkateak udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Aipatutako liburua atzo arrastian aurkeztu zuten, Romo Kultur Etxean.

Mercedes Hernández Pujol Areetan jaio zen eta 1937an, Espainiako Gerra Zibilean, Sobietar Batasunera erbesteratu zuten, sei urte baino ez zituenean, bere nebagaz batera. Espainiar Estatura bueltatzean, 1991 urtean, Alfafar udalerri valentziarrera joan zen bizitzera; herri horretan bizi da gaur egun ere.

Mercedes eta liburuaren egilea Getxora etorri dira Alfafarreko alkatea den Juan Ramón Adsuaragaz eta udalerri horretako auzotar-talde jori bategaz batera. Areetarra berton izan zen azken aldia 1974 urtean izan zen. Oraindino ere familia dauka Areetan, horietako zati bat José Luis de Ugarte itsas gizon ospetsuari lotua.

Imanol Landak ondoetorria egin die ekitaldian bildutako guztiei, eta, bereziki, Mercedesi, “bizitzan barrena egindako bidaia baten protagonista”. Landak aipatu du jarraian “liburuak, ongi idatzia eta oinarritua, belaunaldi oso baten testigantza damaigu, eta hobetzeko, gehiago izateko mezua. Bizitzaren irakaspen bat jasotzen duen testigantza da, gerra inoiz gerta ez dadin berriro, ez hemen ez inon”.                   

Liburua

"Mercedes, una niña de la Guerra" Espainiako Gerra Zibilaren gertaera hunkigarrienetakoari buruzko liburua da: neska-mutilen ebakuazioa atzerriko zenbait herrialdeetara, gerraren ondorio hondatzaileetatik urruntzeko.

Liburuan, Mercedes Hernández Pujolen bizipenak kontatzen dira, eta hedaduraz, gainontzeko gaztetxo erbesteratuenak, deserrian haren adiskideak izan zirenak, Sobietar Batasunean barrena batetik bestera ibiltze luze eta lazgarrian. Benetako testigantza historiko bizia da, soziala, eta bizirik irautearen benetako adibidea.

Mercedes hunkituta agertu zen atzo, bere jaioterrira iritsi delako, harrituta Areetak izan duen aldaketagatik. Ekitaldia amaitutakoan, bere bizi-esperientziaz hitz egin zuen Mercedesek: "bizitza zaila eta mingarria, baina bizitza-esperientzia azken finean, bizitza erabatekoa. Bizitzagatik borrokatu egin behar da, zure interesengatik, zure ideiengatik, zure ametsengatik, eta ikasi ere egin behar da".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun