Aipatutako hitzarmenaren arabera, euskal polizia-eredua honako hauek osatzen dute: Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen EAEko poliziak (Ertzaintza) eta euskal udalerrien menpe dauden udaltzaingoak. Hala, aintzat hartuta elkargo bakoitzari esleitutako zereginak eta partekatzen dituztenak, interrelazio- eta lankidetza-mekanismoak bilatu behar dira derrigorrez, eredu koherentea lortze aldera.
Hitzarmenaren helburua da Ertzaintzaren eta Getxoko Udaltzaingoaren arteko polizia-lankidetzarako moduak eta prozedurak arautzea; hori guztia udalerrian eskuragarri dauden polizia-baliabideak optimizatzeko eta herritarren segurtasun publikoaren premiei zerbitzu hobea eskaintzeko.
Esparru-hitzarmenean zerbitzuak mugatu dira; dispositiboak, eragiketak eta gorabeherak ezarri dira; eta baterako jarduketarako protokoloak zein planak adierazi dira (horietako batzuk gaur egun gauzatzen dira).
Gainera, honako hauek ezarri dira: polizien presentziari buruzko arau orokorrak; informazio-trukea (jada egiten da); agintaritza- eta kontrol-zentroen arteko komunikazioa eta integrazioa (baterako kanalak eta maiztasunak erabiliz); eta Udaltzaingoaren parte hartzea polizia judizialaren lanetan.
Laster, esparru-hitzarmen berria aplikatuz, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko Jarduketa Protokolo berria sinatuko da; bertan xehetasun gehiagogaz adieraziko dira jarduketa-gaiak eta horietako bakoitzaren esleipena, elkargo bietako batek lehentasunez egin ditzan lanak, edo bietako edozeinek. Aipatutako protokoloa Ertzaintzako zein Getxoko Udaltzaingoko polizia-etxeko buruek sinatuko dute.