Santander Triatloi Series-en etapa bat egingo dute Algortan, domekan

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 10a, 12:33

Santander Triatlon Series lasterketaren artxiboko irudia. © GETXOKO UDALA

Ereagako hondartzan eta Arriluzeko pasealekuan egingo dute, domeka honetan, urriaren 14an, Santander Triatloi Seriesen zortzigarren eta azken aurreko proba.

Triatloia herri-lasterketa izango da; antolatzaileek 1.000 lagun baino gehiagok parte hartuko dutelakoan daude. Parte-hartzaileak hiru modalitatetan lehiatuko dira, euren mailaren arabera: triatloi olinpikoa, esprinta eta super-esprinta.

Lehiaketa 08:30ean hasiko da modalitate olinpikoagaz; bertan, 1.500 metro bete beharko dituzte igeriketan, 39 kilometro bizikletan eta 10 kilometro korrika, oinez. 10:15ean emango zaio hasiera esprint probari, eta bete beharreko distantziak hauek izango dira: 750 metro igeriketan, 19,4 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika. Handik gutxira, 10:45ean, berriz, irteera emango zaio super-esprint modalitateari, eta hor 350 metro igeriketan, 9,7 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika bete behar izango dituzte.

Kategoria denetan, igeriketa-zirkuitua Ereagako hondartzan egongo da kokatuta; txirrindularitza-proba, berriz, Arriluze eta Erandio arteko zirkuituan garatuko da; eta, azkenik, oinezko lasterketa Kirol Portuko sarreraren eta Txurrukako kaiaren artean.

Getxoko lehiaketa Santander Triatloi Series zirkuituaren azken-aurrekoa da; azken proba hilaren 20an egingo dute Madrilen. Denboraldi honetan antzeko probak egin dira Valentzian, Malagan, Gijónen, Tarragonan, Mallorcan, Gaván eta Sevillan.

Trafikoan eragina izango du

Lasterketa dela eta, domeka honetan, 08:00etatik 13:00etara bitartean, ibilgailuek ezin izango dute sartu Ereagako hondartzara Arriluzetik, eta errei bi ipiniko dituzte Ereagako Jaitsiera kalean. Gainera, 08:30etik 11:30era, Zugatzarte etorbidean soilik erabili ahal izango da Algortaranzko erreia, lehiaketa-gunetik atera ahal izateko Avanzadako errepidetik barrena. Horrez gainera, Zugatzarte etorbidearen, Eduardo Costeren eta Areetako kaiko pasealekuaren arteko eremuan aparkatutako ibilgailu denik ezin izango dira mugitu 08:30etik 11:30era. Hori dela eta, tarte horretan Ereagara hurbildu gura dutenei, garraio publikoa erabiltzea edo oinez gerturatzea gomendatu diete Getxoko Udalak eta antolatzaileek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun