"Mugi zaitez Getxotik" erronkak baditu irabazleak!

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 11a, 09:07

Sari banaketaren irudia. © GETXOKO UDALA

"Mugi zaitez Getxotik" erronkak modu jasangarrian ibilitako 3.851 kilometroko balantzea utzi du. Ekimen hori Getxoko Ingurumen Arloak joan den irailean Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astearen barruan sustatutako txapelketa izan da.

Erronka horren helburua da garraiobide jasangarrien erabilera bultzatzea; eta horretarako, garraio publikoan 80 kilometro, bizikletan edo patinetan 40 kilometro edo oinez 20 kilometro egin behar ziren, irailaren 16tik 30era bitartean.

Erronkan aktiboki parte hartu zuten 65 pertsonatatik, 53k gainditu zuten, gehienak neurrian gaindika. Ibilitako 3.851 kilometroetatik, 1.573 oinez egin zituzten, 1.037 bizikletaz eta 1.241 garraio publikoan.

Modu jasangarrian egindako kilometro horiei denei esker 653 kg CO2 ez dira isuri, bide hori gasolina edo gasoliozko ibilgailu pribatu batean eginez gero isuriko zenaren besteko kopurua.

Zozketa eta sari banaketa

Pizgarri gisa, parte-hartzaileek puntuak (zikloak deitutakoak) irabazten zituzten ibilitako kilometro bakoitzeko: ziklo 1 garraio publikoan egindako kilometro bakoitzeko, 2 bizikletan edo patinetan egindakoagatik eta 4 ziklo oinez egiteagatik. Gutxienez 80 ziklo lortu zituzten parte-hartzaile guztien artean lau sari banatu dira zuzenean. Saria jaso duten pertsonak honako hauek dira:

  • Cristian Fernández, 4k Sport Cam kamera urperagarria.
  • Xabi Vela, bizikletarako zakutoak.
  • Cristina del Rosario, 2 lagunentzako afaria.
  • Silvia Civera, 2 lagunentzako Spa eta Masajea.

Bestalde, lortutako ziklo edo puntuen ordez beherapenak eskuratu ditzakete parte-hartzaileek, ekimen horretara atxikitako saltoki eta enpresatan.

Gainera, Mugikortasun Asteko "Konbinatu eta Mugitu!" argazki-lehiaketan lanak aurkezteko epea amaituta, bizikleta tolesgarri bat zozkatu da parte-hartzaileen artean. Bi garraiobide jasangarri desberdin erabiliz argazkiak bidali behar ziren. Saria jaso duen pertsona Josu Yañez izan da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun