Multikirolak programa Getxo Kirolak udal-erakundeak koordinatzen du, udalerriko klubakaz eta ikastetxeakaz elkarlanean; denboraldi berrian 22 kirol-modalitate antolatu dituzte Lehen Hezkuntzako eskola-umeentzat.
Berrikuntza gisa, aurtengo egutegian badminton, eskalada eta patin-hockeyko saioak sartu dira. Horrez gainera, eskaintzan honako aukera hauek ere aurkitzen dira: areto-futbola, beisbola, belar-hockeya, errugbia, dantza modernoa, euskal pilota, arku-tiroa, herri-kirolak, waterpoloa, futbola, atletismoa, saskibaloia, patinajea, padel-surfa, kayak, arrauna, bela eta surfa.
Kirol askoko egitasmoan 1.200 bat umek parte hartu zuten iaz. Getxoko Udalak adierazi duenez, "programa estrategikoa da udalerriko kirol-politikaren barnean, umeei modalitate ugari ezagutzeko aukera eskaintzen baitie, zertan espezializatu gura duten hautatu baino lehen".
Izen-ematea
Aurreko urteetan bezala, denboraldi honetan ere eskola-kiroleko jardueretan parte hartu ahal izango dute Lehen Hezkuntza ikasten dabiltzan herriko zein kanpoko ikastetxeetako ume getxoztar denek. Modu berean, ez da beharrezkoa izango Multikirolak programa osoan izena ematea, aste-akabuetan egiten dabiltzan topaketa eta txangoetan parte hartzeko.
Parte hartu gura dutenek Ikasleen Gurasoen Elkarteen (IGE) bitartez izena eman ahal izango dute edo ikastetxe bakoitzean kirol-jarduerak koordinatzen dituzten pertsonakaz harremanetan ipinita. Herritik kanpoko ikastetxeetako ikasleei dagokienez, berriz, Getxo Kirolak-era zuzendu beharko dute, ilacruz@getxo.eus posta elektronikoaren bitartez, edo Getxo Kirolaken webguneko Multikirolak atalean izena emateko dagoen inprimakia betez.