Iritzia  Getxo 2018-10-12 10:48

Ikasturtearen amaiera

Koldo Iturbe

Arraroa badirudi ere ikasturte-amaieran gaude, zortzi hilabete besterik ez dira falta azken azterketa egiteko, hau da, udal hauteskundeetarako. Orain hasiko dira gezurrak, irainak, biolentzia politikoa bere izaera gordinenean.

Oposizioak, bere helburuak bete ez dituen neurrian, berenari arreta eman ordez, besteengan, gobernuarengan jarriko ditu begiradak, eta euren bisita-txartela ezintasuna izango da.

Legealdi bat gobernuak promes egin dituenak betetzeko da, baina era berean, legealdi batez oposizioan dagoenak aukera du gobernuan eragin eta bere proiektuaren isla uzteko.

Politikak gauza bitxiak erakusten dizkigu, baina politikan, bizitzan bezala, gezurra ezin daiteke izan gure eguneroko ogia; eta gero eta ohituago gaude gezurren arteko politikagintza jasaten. Baina herri-politikan gezurrak agerian daude, egindakoak begi-bistan daudelako. Elkarrizketa, adostasuna, negoziazioa, konpromisoa… nabarmenak izan dira legealdi honetan Getxon. Adibideak hortxe daude: aurrekontuen inguruko bi akordio, bi alderdirekin; Algorta eta Areetako erdiguneetan aldaketa nabarmenak; igogailuak; Gobela ibaia; Getxo Antzokia; Romo Kultur Etxea eta Musika Eskola berria; Romo eta Portu Zaharraren eraldaketa; kultura- eta kirol- politiken aldeko apustu argia; elkartegintzarekin ezinbesteko elkarlana; euskararen, berdintasunaren eta kulturartekotasunaren aldeko politikak; ekonomiaren sustapenean aurrerapauso gardenak; Lantegi Batuak, Biscaytik, Areetako Elkartegia, elkartasunaren bidean gizarte-zerbitzu aurrerakoi eta aktiboak, etab.

Orain azken txanpa: apunteak birpasatu eta azterketa. Ikasi eta lan egin duenak ziur gaindituko duela azterketa, eta horretan argi, gobernu-batzordeak, argi eta garbi Euzko Alderdi Jeltzaleak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa