Adineko bat atxilotu dute Getxon, hilketa bat leporatuta

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 12a, 12:44

Ertzaintzak gizon bat atxilo eroan zuen joan den astelehenean Getxon, atzo jakitera eman zuenez. Atxilotuak 66 urte ditu; iaz Santanderren adineko beste pertsona bat hil izana leporatu diote. Halere, hasieran, lapurreta baten harira atzeman zuten gizona.

Joan den astelehenean, urriaren 8an, atxilotutako gizonari Arabako Zigoitia herriko txalet batean lapurtu izana egotzi zioten. Ondoren, Espainiako Poliziak identifikatu zuen, dei anonimo baten egile gisa; deia 2017ko otsailaren 5ean egin zen eta bertan gizonezko batek informazioa eman zuen 81 urteko adineko gizon baten hilketaren gainean. Ahotsak zioenez, adineko pertsona bi zaurituta egon ziratekeen Santanderreko Beato de Liébana kaleko garaje batean; eurengana zelan heldu zitekeen azaldu zuen eta Gurutze Gorriko mintzakideari ohartarazi zion atea bota beharko luketela, etxebizitzan zeuden pertsonek irekitzerik ez zutelako. Larrialdi zerbitzuek 81 urteko gizona hilda topatu zuten, itota. Bera eta bere emaztea lotuta eta ahoa estalita zeuden. Deia Gasteizko Paula Montal kaleko telefono-kabina batetik Madrilgo Gurutze Gorrira egin zen, gizona zendu eta hurrengo egunean, goizeko 09:02an.

Poliziaren arabera, hainbat herritarrek laguntza eman zuten deian entzuten zen ahotsaren gainean, joan den irailaren 26an audioa publiko egin ondoren.

Hasieratik ikertzaileek pentsatu zuten 66 urteko gizona gakoa zela 2017ko otsailaren 4ko hilketa argitzeko. Modu berean, gertatutakoaren arrazoia lapurreta zela baieztatu zuten, kutxa gogorrean dirua eta bitxiak falta zirelako.

Zigoitiko lapurreta

Joan den astelehenean Ertzaintzak 66 urteko gizona atzeman zuen Getxon, Zigoitiko etxebizitza batean 2016an lapurtu zuelakoan. Kasu horretan, aurpegia estalita zeroan lapurra etxean sartu zen, bertako bizilaguna aizto eta deskarga elektrikoko gailu banagaz mehatxatu ostean. Gaizkileak emakumea lotu zuen ohera, bridakaz, eta bitxiak, dirua eta informatika-gailuak lapurtu zituen, ondoren garajean zegoen autoa ebatsi eta bertan objektu denak eramateko. Zigoitiako etxean hartutako DNA-aztarnen analisiak 66 urteko gizonarenagana eroan eta horregatik atxilotu zutela zabaldu du Ertzaintzak.

Bestalde, Espainiako Polizia gizonaren atzean zebilen; hala, eskubideak irakurri zizkioten espetxean, gizon edadetuaren hilketan izan duen inplikazioa ikertzen segitzeko zain.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun