Itzubaltzetako Nagusien Etxeko eraikinari erabilera ematearen alde mobilizatuko dira

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 19a, 09:58

Protestaldi bat Nagusien Etxean, artxiboko irudian.
Getxo udalerriaren garapen bideragarriaren alde lan egiteko hainbat talderen atxikimenduak lortu ditu Romo Plataformak. Askotariko talde getxoztarrek parte hartu zuten bilera batean joan den eguaztenean eta manifestu bat adostu zuten denen artean.

Herenegun, eguaztenean, Itzubaltzeta/Romoren eta Getxo udalerriaren garapen bideragarriaren alde lan egiteko ibilbideari heldu zion berriro ere Romo Plataformak. Horretarako, bilera bat egin zuten, udalerriko beste hainbat taldegaz batera, hala nola Nagusien Etxea, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Matraka gazte asanblada.

Aipatutako bilera horretan jakinarazi zuten Itzubaltzetako Nagusien Etxean tutoretzapeko 11 apartamentu daudela, duela urte bi baino gehiago hustu zituztenak; "ondoko eraikin osoa bezala, kultur etxea eta udal-euskaltegia hartzen zuena".

Era berean, Nagusientzako Eguneko Zentroa aldarrikatzeaz gainera, gaztetxe berri bat eraiki behar dela azpimarratu zuten. Horrez gainera, pertsona errefuxiatuentzako, genero indarkeria pairatu duten emakumeentzako eta bestelako beharrizan sozialak dituzten pertsonentzako etxeak emateko beharra azaldu zuten. "Eskandalu bat da gai sozialen inguruan bere ezinegona aurkezten duen Getxoko Udalak Nagusien Etxea hartzen duen eraikina bota nahi izatea, bertan etxebizitzak egin ahal izateko", deitoratu du plataformak.

Hala, bileran parte hartu zuten eragileek hainbat mobilizazio aurreikusi dituzte azarotik aurrera, auzoko eraikin horri erabilera ematea aldarrikatzeko. Protestaldi horien nondik norakoak zehazteko eta proposamen berriak biltzeko herritar denen parte-hartzea beharrezkoa dela uste dute taldeek; hori dela eta, bilera berri bat deitu dute urriaren 24rako, 19:00etan, Lope de Vega 12 kalean dagoen Nagusien Etxean bertan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun