Udalerriko 16 langabe kontratatuko ditu Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 19a, 11:23

Getxoko Udalak 440.608 euroko diru-laguntza jaso du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik. Laguntza hori, alde batetik, enplegua sustatzeko erabiliko da; horretarako, Getxoko 16 langabe zuzenean kontratatuko dira (187.043 euro). Bestetik, Getxoko enpresentzako kontratazio-laguntzak emango dira (253.565 euro).

Ignacio Uriarte Ekonomia Sustapenerako zinegotziak esan duenez, "enplegua sustatzera bideratutako diru-laguntzaren helburua da bultzatzea lan-merkatuan sartzea laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak, aldi baterako lan esperientzia baten bidez, beraien prestakuntza, gaitasun pertsonalak eta motibazioa indartzeko asmoaz".

Hori horrela, Getxoko 16 langabe kontratatuko dira hamar udal-proiektu garatzeko. Gutxienez, %40 emakume langabetuak izango dira, %30 diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonak eta %15, 55 urtetik gorakoak. Eskatutako profilak hurrengo hauek dira:

  • enpresa- aholkularia (1)
  • artxiboen edota liburutegien administrazio-langilea (2)
  • dokumentuen digitalizatzailea (1)
  • liburutegi- edota dokumentazio-laguntzailea (1)
  • administrari komertziala (2)
  • administrari teknikoa (3)
  • zaindariak (2)
  • margolariak eta peoiak (4)

Kontratazio horietarako denetarako hautagaien aukeraketa egingo da Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako eskaintzaren bidez, urriaren 29tik aurrera eta, horrenbestez, ezinbesteko baldintza izango da pertsona interesdunak langabeak izatea eta Lanbiden izena emanda egotea.

Enpresentzako kontratazio-laguntzak

Bestalde, Getxoko Udalak diru-laguntzak emango dizkie tokiko enpresei, hiru eta sei hilabete arteko kontratuak egin diezazkieten langabeei. Kontratu horiek 2018ko ekainaren 21etik abenduaren 31ra bitartean hasi beharko dira. Hiru hilabeteko lanaldi osoko lanpostu bakoitzeko 3.000 euroko laguntza emango da gehienez, eta sei hilabeteko edo gehiagoko lanpostu bakoitzeko 6.000 euro.

Sei hilabeteko edo gehiagoko iraupena daukan lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko, laguntzaren zenbatekoa, gehienez, 9.000 eurokoa izango da, honako kolektibo hauen barruan dauden pertsonak kontratatuz gero: diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak edo onuradunak,  35 urtetik beherakoak direnak eta lehen lanpostua eskuratzen dutenak, 55 urtetik gorako iraupen luzeko langabetuak. Enpresak izango dira langabetuak aukeratuko dituztenak. Deialdia azaroaren hasieran BAOn argitaratzea aurreikusten da. Egun horretatik aurrera aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

Iaz Getxoko 52 langabe kontratatzea lortu zen, Lanbidek Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzen deialdirako eman zuen diru-laguntzari esker (416.648 euro). Kontratatutakoen %65 emakumeak izan ziren, %17, 55 urtetik gorakoak (9 pertsona), diru-sarrerak bermatzeko errentaren 6 onuradun, iraupen luzeko 6 langabetu, 35 urtetik beherako 3 pertsona, 45 urtetik gorako 3 pertsona eta bazterketa arriskuan zeuden 2.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun