Iaz 21 bazkari egin ziren, 48 familiatako 175 pertsonaren partaidetzagaz, bertokoakaz batera, besteak beste, Guatemala, Peru, Nikaragua, Paraguai, Kolonbia, Ekuador, Bolibia, Honduras, Uruguai, Kuba, Venezuela, El Salvador, Filipinak, Italia, Sahara, Algeria eta Errumaniakoak.
Herri edo inguru berean bizi diren pertsonen artean elkartzeko zubiak eraikitzeko guneak sortzera lagundu gura du ekimenak eta bazkari bat partekatzeko edo dinamizatzaile izateko pertsona interesatuek izena eman dezakete daborduko. Bazkariak urte osoan zehar udalerrian aurrera eramaten den "Bizilagunak Elkartzeko Bideak" ekimenaren barruan kokatzen dira.
Ekimenean parte hartuko duten familien etxeetan izango dira bazkariak eta topaketa bakoitzean bertoko familia bat, atzerritik heldutako familia bat eta bazkaria antolatzen lagunduko duen dinamizatzaile bat elkartuko dira.
Pertsona interesatuek izena eman beharko dute www.getxo.eus/bizilagunak webgunean edo 622 433 085 telefono zenbakian.
Bizilagunak Elkartzeko Bideak
Urte osoan zehar aurrera eramaten den programa da, aipatutako bazkarietatik sortuta eta horrez geroztik ekitaldiak joan dira gehitzen. Aukera ezin hobea da auzoa eta harreman berriak sortu gura dituzten pertsonentzat eta baita kulturen arteko topaketa bizi gura dutenentzat ere, beraiena partekatuz eta udalerriko aniztasunera zabalduz. Gainera, Bizilagunak ekimenak Zurrumurruen kontrako Estrategiagaz bat egiten du, kultur aniztasun, immigrazio eta babes gaiei lotutako estereotipoei eta aurreiritziei aurre egiteko.