Mendi Tourra Itzubaltzetan izango da, datorren astean

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 10a, 08:30
Irene Sarrionandia "Aurrera" mendi-filmaren fotograma batean. © MIKEL PEÑA

Bilbao Mendi Film Festivalek 11. edizioa ospatuko du urte amaieran, abenduaren 7tik 16ra bitartean. Nazioarteko jaialdi hori heldu bitartean Mendi Tour zirkuitua Itzubaltzeta/Romotik igaroko da, datorren asteko martitzenetik eguenera.

Mendi Tourrek Mendi Filmaren aurreko edizioaren filma onenak eskainiko ditu, mendi-zinemagintzako zaleak asetzeko. Hitzordua Romo kultur etxean izango da azaroaren 13tik 15era; egun denetan 19:30ean hasiko da ekimena. Sarrera irekia eta doakoa izango da, leku mugatuak bete arte. Film denak Jatorrizko Bertsioan eskainiko dira azpidatziakaz lagunduta. Ekimenean honako eragileak dira laguntzailea: Itxas Argia Getxoko mendi-taldea, Getxoko Kultur Etxea, Getxo Kirolak eta "Desnivel" aldizkaria.

Martitzenean, eskainiko dituzte "The Time Within" eta "Aurrera" film labur euskaldunak eta "Bonington: Mountaineer", iazko Bilboko Mendi Film Festivalaren Mendiko Film Onena.

Eguaztenean, ikusgai izango dira "The Last Honey Hunter", iazko Kultura eta Natura Film Onena, "Uruca II. Bugaboos edition" film laburra eta "Psycho Vertical" azken festibaleko Gidoi Onenaren Saria.

Mendi Tourra amaitzeko, lau film proiektatuko dituzte eguenean: "Were the Wild Things Play" film laburra, Epaimahaiaren Saria iaz jaso zuen "Mama" lana, Zuzendari Onenaren saria lortu zuen "The Frozen Road" filma eta "Safety Third", azken jaialdiaren Eskaladako Film Onena.

Filmak

The Time Within

AEB (2017), 4 minutu. Zuzendaria: Ben Sturgulewski. Tokio zaratatsuan elurra mara-mara erortzen hasten den bitartean, erlojugileak xehetasun eta kontu handiz taxutzen du bere maisulana. Erlojuan zehaztasuna dago, eta xehetasun nimiñoenetan dago misterioa. Maisuak badaki sinkronia perfektu eta ederreko segundo bakar batean bizi dela eternitatea, mendea eta segundoa gurutzatzen diren lekuan…

Aurrera

Euskal Herria (2017), 7 minutu. Zuzendaria: Mikel Peña. Irene Sarrionandiak 68 urte ditu eta 40 baino gehiago daroatza korrika egiten. Mendiko lasterketak oraindino ezezagunak zirenean hasi zen bera mendian barrena korrika eta hamaika probatan hartu du parte. Sarrionandiak, adinean aurrera joan arren, indarrik duen artean ez dio mendian korrika egiteari utziko.

Bonington: Mountaineer

Erresuma Batua (2016), 80 minutu. Zuzendaria: Brian Hall. Gizon handi bat, Sir Chris Bonington, da film honen protagonista. Bere ametsetako bidaia intimo horren muinean adiskidetasunezko, maitasunezko eta arriskuko istorioak ageri dira, baita galera suntsigarriak ere. Berezkoa duen esploratzaile sena eta grina islatzen dira bere ibilbide osoan eta eskalada bakoitzean. Eiger Iparreko lehen igoera britaniarra, Mont Blancen, Annapurna 2n, Nuptsen eta Paineko Erdiko Dorrean zabaldutako bide berriak, eta hainbat mugarri historiko, bestek beste, Annapurnako hego aurpegian, Everest hego-mendebaldean eta Ogro itzelean lortutakoak.

The Last Honey Hunter

AEB (2017), 35 minutu. Zuzendaria: Ben Knight. Kulung herriak Rongkemi jainkoaren inguruan egituratutako antzinako animismo modu bat praktikatzen du. Mauli Dhan Rai gazteak uste du jainkoek bera aukeratu dutela eztiaren uzta deritzon erritorako. Egin beharrekoa ez da batere erraza: labar tente eta malkartsuak eskalatu behar dira munduko erle handienaren eztia biltzeko. Arriskua izugarria da. Mito batean oinarritutako bilaketa espirituala da, zeinaren bidez jainkoen babesa izango duten. Zenbat iraungo duen sinesmen horrek?

Uruca II. Bugaboos edition

Kanada (2017), 8 minutu. Zuzendaria: Erick Grigorovski. Hugo eta Felipinho glaziarren erdian dagoen orratz bat eskalatzen saiatuko dira, eskalada alpinoaren erronka denei aurre eginez. Harkaitz izoztu eta hezea, haien arteko komunikazio txarra, norberaren barneko deabruak eta hotza, hotz izugarria, horiek izango dira gainditu beharrekoak.

Psycho Vertical

Erresuma Batua (2017), 64 minutu. Zuzendaria: Jen Randall. Andy Kirkpatricken autobiografia salduenean oinarrituta dago "Psycho Vertical". Idazle dibertigarri eta alpinista anti-heroi horren bizitza konplexua eta motibazioak aztertu ditu filmak, modu gordinean eta hunkigarrian. Yosemiteko Capitan horman 18 egunean eta bakarka eginiko eskaladan aletu du Kirkpatrickek bere bizitza zer izan den.

Were the Wild Things Play
Australia (2017), 4 minutu. Zuzendaria: Krystle Wright. Bariku gaua pub batean eta… Non daude neskak? Erantzuna: base-jauzia egiten basamortuko labar altuetan, slackline egiten, granitozko bideak eskalatzen, eskiatzen, edo txundituta utziko zaituzteten beste edozein jarduera egiten.

Mama

Polonia (2017), 44 minutu. Zuzendaria: Wojtek Kozakiewicz. Kirol-eskalatzaile bat, ume biren ama, 20 urtez bizi izan da bere pasioari bide emanez, eta orain, helburu berri bati ekitekotan da: aurrez emakume bakar batek eskalatu ezin izan duen bide bat eskalatzea da bere ametsa. Kinga Ociepka-Grzegulska da bera, Poloniako kirol-eskaladan azken hamarkada bietan izan den eskalatzailerik garrantzitsuenetakoa.

 The Frozen Road

Erresuma Batua (2016), 24 minutu. Zuzendaria: Ben Page. Jack Londonen esaldia irakurri ondoren, "gizonak, gizon bada, bakarrik bidaia dezake", Pagek bakardade perfektuaren abentura bilatu zuen. Bada, bizikleta zeharkaldi bat egin zuen Kanadako Artikoan barna, negu minean. Alabaina, bidaiaren gordintasunak erakutsi zion zeinen urrun dauden zenbaitetan Londonen erromantizismoa eta errealitatea.

Safety Third

AEB (2016), 28 minutu. Zuzendariak: Cedar Wright eta Taylor Keating. Brad Gobright 27 urteko gaztea zerbitzari laguntzailea da jatetxe batean. Donutsak, jatetxeko janari kondarrak, croissantak, sagar-tarta eta topatzen duen zabor-janari dena, horixe da, funtsean, bere dieta. Baina bada besterik: modu askean diharduten eskalatzaile libre ausart eta onenetakoa da Gobright. Nahiz eta inork gutxik entzun duen beraren gainean. Buruan eskalatzea besterik ez duen gazte horren erretratua da "Safety Third".

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun