Egitasmo horren jarduketa nagusiari dagokionez, bi biribilgune eraikiko dira, bat Udal Kirol-Hirian sartu eta irteteko (igerilekuetako eraikinera, pilotalekura eta tenis eta padel pistetara sartzeko egungo bidegurutzearen parean), eta bigarrena Las Uves aldean, Maria de Ybarra plazaren parean (antzina Txikia plaza zena).
Proiektuan jasotzen denez, jarduketa-eremua 22.536 metro koadrokoa da, lanak egiteko epea 10 hilabetekoa eta aurrekontua 1.900.000 euro (horietatik, 1.380.000 Foru Aldundiak jarriko ditu).
Erakusketaren irekiera ekitaldian, Imanol Landa Getxoko alkateak adierazi duenez, "Tarte horretan erabiliko den soluziobidea Eduardo Coste (Areeta) eta Ollarretxe (Algorta) kaleetan egindakoen antzekoa da. Horietan kontuan hartu dira honako irizpide hauek: trafikoa arintzea eta etxebizitzetatik urruntzea, kaleen irisgarritasuna hobetzea eta herrian integratzea, oinezkoentzat atseginagoak eta seguruagoak izan daitezen. Era berean, Makaleta etorbideko 92. zenbakian dagoen autobus-geltokia aldatuko da, irisgarria izan dadin (horrela, kale horretako geraleku guztiak irisgarriak izango dira), eta Las Uvesen ondoko lurrazpiko pasabidea kendu eta bidegorria luzatu egingo da Ollarretxeraino, albiste ona bizikleta-erabiltzaile guztientzat".
Proiektuaren ezaugarriak
Aipatutako tartean zehar, espaloiak zabalduko dira hainbat tokitan (egungo 3.670 metro koadrotik 4.687 metro koadrora gehituko da espaloien azalera), bidegorria luzatuko da Ollarretxe kaleraino (537 metro koadrotatik 2.115 metro koadrora pasako da), Makaleta etorbideko 92. zenbakian dagoen autobus-geltokia aldatuko da, irisgarria izan dadin, eta aparkalekuen kopurua areagotuko da, proiektuan 70 aurreikusten baitira, egun gune horretan dauden 57ren ordez.
Galtzadaren azalera 3.000 metro koadro inguruan murriztuko da (Faduran sartzeko egungo errotondaren eta frontoietako eraikinera sartzeko egingo den berriaren artean errei bikoitza bere horretan utziko da zirkulazioaren bi noranzkoetan, eta Salsidurantz errei bakarra, joan-etorrikoa, izango da, biribilguneetako elkarguneetan ezik, horietan bi errei izango baitira).
Era berean, Las Uvesetan egun lurpean dagoen igarobidea kendu egingo da segurtasunarengatik, udalerriko puntu beltz bat kenduz. Las Uvesetako merkataritza-gunean, fatxada eta galtzadaren artean, espaloiak eta berdeguneak osatzen duten esparrua handitu egingo da, eta kasu batzuetan, 10/12 metroraino, eta besteetan 16/17raino.
Argiteria publikoa eta eraginkortasun energetikoa hobetuko dira eta baliabide hidriko naturalak ureztatzeko aprobetxatuko dira. Aipatutako tartean, Makaletako etorbide bertako arbolak landatzeko lanakaz jarraituko da, eta egun diren 3.159 metro koadroetatik 3.556 metro koadrotara pasako da.
Pertsona interesdunek Faduran eta Villamonteko kultur etxean antolatutako erakusketak bisitatu ahalko dituzte azaroaren 7tik 19ra, bi udal ekipamendu horien ohiko ordutegian. Proiektua jendaurrean izan eta horri buruzko iradokizunak jaso eta aztertu eta gero, lizitaziora aterako da ondoren lanak esleitzeko.