Aipatutako proposamenak gogoratzen du 2018ko Memoriaren Egunean bereziki jorratu gura den gaia dela "oraintsuko memoria" deritzon aldian (azken 60 urteak) Euskal Herriak izan duen rolari buruzko azterketa kritikoa egitea. Testuaren arabera, azterketa horrek funtsezko erreferentziatzat izan behar ditu gure herriak terrorismoaren eta biolentziaren biktimekiko izan dituen begirada eta jarrera.
Zentzu horretan, testua honako ondorioakaz bukatzen da: "Gure oraintsuko iraganera begiratzen badugu, gure gizartearen historiako alderdirik txarrena biktimek jasan zuten abandonua eta terrorismoaren eta indarkeriaren aurkako erreakzio urria dira, batez ere 70eko eta 80ko hamarkadetan. Gure oraintsuko iraganera begiratzen badugu, gure gizartearen historiako alderdirik onena inplikazio eta erreakzio sozial eta politikoa da, biktimen alde eta indarkeriaren aurka gorpuztu baitzen, batez ere 90eko hamarkadatik aurrera. Esperientzia honetatik memoriaren gainean ondorioztatu dezakegun pedagogia honako hau da, beraz: terrorismoaren eta indarkeriaren aurrean, biktimekiko elkartasuna eta pertsona guztien giza duintasunaren, bizitzeko eskubidearen eta giza eskubideen balio gorenarekiko konpromiso argi, inplikatu eta partekatua gailendu behar dira beste edozein jardunbideren aurrean, etorkizunera begira erantzun arrakastatsurik lortu nahi bada".
Elkarretaratzera herritar denak daude gonbidatuta eta bertara joango dira EAJ, PSE-EE eta GUK taldeetako ordezkariak, "Memoriaren pedagogia kritikoa" proposamenagaz bat egin dutenak, baita EH Bildukoak ere, testuaren onarpenean abstenitu egin direnak. PP eta Ciudadanos horren kontra agertu dira eta, beraz, ez dira elkarretaratzera joango.