Euskaraldia

Euskaraldian parte hartzeko gonbitea egin diete Getxoko kirol eta kultur elkarteei

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 8a, 13:08

Euskaraldia sustatzeko Getxoko hamaikakoa. © GETXOKO UDALA

Getxoko Euskaraldia batzordeak (Egizu eta Bizarra Lepoan elkarteak Udalagaz batera osatutakoa) 55 kirol elkarteri eta 65 kultur elkarteri ekimenean parte hartzera gonbidatzeko eskutitz bana bidali die.

Euskaraldia batzordeak udalerriko kirol eta kultur elkarteetara eta establezimenduetara jo du, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean euskararen erabilera areagotze aldera, hizkuntza ohiturak aldatzea sustatuko duen Euskaraldia ekimenean parte hartzera animatzeko. Hori norbanakoentzako ariketa soziala dela jakin arren, batzordeak garrantzitsutzat jo du aipatutako entitateetara jotzea, horietan lan egiten duten entrenatzaileengana, begiraleengana eta langileengana heldu eta parte hartzera gonbidatzeko.

Hori dela eta, 55 kirol elkarteri eta 64 kultur elkarteri eskutitz bana bidali diete, eta baita beste 2.000 bat gutun udalerriko establezimenduei ere. Kasu horretan, laguntza eskainiko zaie Euskararen Laguna sarearen bidez. Aldi berean, udalerriko 16 ikastetxe eta institutuei, eta euskaltegiei ere erraztasunak eman dizkiete Euskaraldian proposatzen diren hiru roletako bat aukeratzeko. Eskutitzean gogoratzen zaie nola parte hartu Euskaraldian eta aukeratutako rolaren araberako jokabidea.   

Bestalde, datorren azaroaren 14ra arte zabalik dago aukeratutako rolaren txapa etxean jaso gura dutenentzat eskaera egiteko epea. Informazio dena www.getxoztarrak.eus webgunean dago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun