Egiazko gertaeretan oinarrituz egin du bere lan sakonena zinemagile alemaniarrak. II. Mundu Gerrako azken egunetan kokatzen gaitu istorioak. Ihesean dabilen soldadu nazi gazte batek, bere burua salbatzeko, kapitain baten uniformea lapurtu du. Baina itxura ez da harengan aldatuko den gauza bakarra; komando bategaz batera, edonor hiltzeko eta arpilaketan ibiltzeko boterea sentituko du. Krudelkeriari aurpegia ipini diona Max Hubacher antzezle suitzarra dugu.
Asko ustiatu ez den ikuspuntu bat ezagutarazten digu filmak: naziek euren ejertzitoko iheslarien kontra egindako sarraskia. Gizakion mugagabeko degradazioaren ideia detailezko argazkiak eta zuri-beltzaren aukeraketak indartzen dute, ikusleari odol gorriaz harago begiratzera bultzatuz eta garaiarekiko distantzia ipiniz. Horrelako lan bat jatorrizko azpitituludun bertsioan entzuteak duen balioa probatzea merezi du. Eta bitxikeria zaleak, adi: amaierako kredituetan filmeko komandoa gaur egungo Alemanian agertzen da.