Halaber, Avanzadako errepidetik eta Errekagane kaletik doazen ibilgailuen zein oinezkoen zirkulazioa Cristobal Valdés kaletik desbideratuko da, eta Mayor kaletik datorren trafikoa ere desbideratuko da Ama Mesedeetakoa kalerantz edo Ezequiel Agirrerantz, udal-iturriek adierazi dutenez.
Zuhaitzaren lekualdatze hau, Metro Bilbaogaz batera koordinatuta, goizaldean egingo da erabiltzaileei metroaren zerbitzuan aldaketarik ez eragiteko; eta segurtasun arrazoiengatik ere bai, lineako katenaria argindar barik utziko baitute.
Kamio batean
Zedroa kamioi batean kargatu ostean, ibilgailua Negubide kaleko 37tik Areeta Etorbiderantz abiatuko da, Udaltzaingoaren laguntzaz; Negubiden eta Kale Nagusian kontrako noranzkoan joango baita, azkenik, Iturribarrira ailegatzeko. "Zedroa babestuta ez dagoen arren, ingurumenerako duen interesa kontuan hartuta, udal-orube batean landatuko da, beste zedro baten ondoan. Ez da ingurune horretan zuhaitzak landatzen diren lehenengo aldia, Manuel Smith kaleko 1 zenbakiko magnolioakaz ere berdin jokatu zen, beti ere Udalaren filosofiari eutsiz: zuhaitzen ondarea berreskuratzea ahal den neurrian", azaldu dute agintari getxoztarrek.