Askotariko kulturak Getxon, mahaiaren inguruan

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 12a, 21:17

Txekiar Errepublikan orain dela hamahiru urte sortu ondoren, Europako hainbat tokitan egiten diren esperientziak dira Bizilagunak ekimeneko bazkariak. Getxon orain sei urte ekin zioten eta, ordutik, nazionalitate askotako familiak elkartu dira.

Seigarren urtez, bertoko familia «autoktonoak» eta bertakotutako atzerriko familiak bazkaltzeko elkartuko dira Getxon azaroaren 11n, domekan. Egizu Getxo Euskaldun elkarteak, Getxoko Udalak eta Getxoko Etorkinak Plataformak antolatu dute ekimena, Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz. Iaz 21 bazkari egin ziren denera hemen, eta 48 familiatako 175 pertsonak parte hartu zuten horietan. Bertokoakaz batera, besteak beste, Guatemala, Peru, Nikaragua, Paraguai, Kolonbia, Ekuador, Bolivia, Honduras, Uruguai, Kuba, Venezuela, El Salvador, Filipinak, Italia, Sahara, Aljeria eta Errumaniakoak. Aurten, lerrook idatzi bitartean, 26 familiak izena eman dute, eta hamabi dinamizatzaile daude bazkariok antolatzen laguntzeko. Hala ere, azkenean gehiago izan daitezkeela jakinarazi du Rozio Luces Bizilagunak ekimeneko antolatzaileetako batek, "saiatzen gara inor ez baztertzen".

Ekimenaren helburua da herri edo inguru berean bizi diren pertsonak elkartzeko zubiak eraikitzen laguntzea, eta esperientziak partekatzea. Urte osoan zehar udalerrian aurrera eroaten den Bizilagunak Elkartzeko Bideak ekimenaren barruan kokatzen dira bazkariak. Ekimenean parte hartuko duten familien etxeetan izango dira otorduak, eta topaketa bakoitzean bertoko familia bat, atzerritik heldutako familia bat eta bazkaria antolatzen lagunduko duen dinamizatzaile bat elkartuko dira.

Bizilagunak, Elkartzeko Bideak

Urtean zehar aurrera eroaten da Bizilagunak programa. Aipatutako bazkarietatik sortu zen, eta horrez geroztik ekitaldiak joan zaizkio gehitzen. Aukera ezin hobea da auzoan harreman berriak sortu gura dituzten pertsonentzat, baita kulturen arteko topaketa bizi gura dutenentzat ere, eurena partekatuz eta udalerriko aniztasunera zabalduz. Gainera, Bizilagunak ekimenak Zurrumurruen kontrako Estrategiagaz bat egiten du, kultur aniztasunari, immigrazioari eta babes-gaiei lotutako estereotipoei eta aurreiritziei aurre egiteko.

Iratxe Unzurrunzaga

Algorta. Bi bider parte hartu du proiektuan

Zein izan da zure esperientzia Bizilagunak egitasmoan?

Orain dela bi urte hasi nintzen parte hartzen. Lehenengo aldian dinamizatzaile modura, eta pasa den urtean dinamizatzaile eta familia gonbidatzaile modura, aldi berean.

Zer dela eta erabaki zenuen horretan parte hartzea?

Lagun batek parte hartzen zuen, eta gero, parte-hartzaileen bideoak ikusita, animatu egin ginen. Oso egitasmo interesgarria iruditu zitzaigun.

Zelakoak izaten dira hitzorduak?

Dinamizatzaile gisa, familia gonbidatzailearen eta gonbidatuen arteko dinamizazioa egin behar duzu, bazkaltzeko ordua lotu familiarekin, denontzako lekua eta azpiegitura daukaten galdetu, zerbait behar badute lortzen lagundu, eta horrelakoak. Gonbidatuekin hitz egin, jakiren bat jaten ez duten galdetu eta haiekin bazkaltzera joateko geratu. Familia gonbidatzaile legez, etxean etorriko direnentzat dena prestatu.

Kultura eta bizipen ezberdineko jendea biltzen zarete bazkari horietan. Ezberdintasunak baino, berdintasunak ere badituzue, ezta?

Bai noski, oso giro polita sortzen da, denok ezagutu nahi ditugu gure artean bizi diren pertsonak, aniztasuna maite dugu, elkar ezagutu, bai gonbidatuak bai familia gonbidatzaileak ere. Denok gara familiak.

Uste duzu mota honetako ekimenak baliagarriak direla gaur egungo arrazakeriari aurre egiteko?

Ziur nago, beste kulturetako pertsonak ezagutzea beti da aberasgarria. Bakoitzaren errealitatea ezagutzeak elkartu egiten gaitu, oso elkarrizketa gozoak eta interesgarriak sortzen dira.

Familia horiekaz harremanak mantentzen dituzue?

Batzuekin bai.

Egitasmoan parte hartu ez dutenei gomendatuko zenieke izena ematea?

Bai, aukera polita gure inguruan bizi diren beste familia batzuk ezagutzeko, ondo pasatzeko.

Grace Caroline Cadena

Ekuador. Behin parte hartu du proiektuan

Zein izan da zure esperientzia Bizilagunak egitasmoan?

Bertokoa den familia bat ezagutu ahal izatea izugarri pozgarria izan da, euren ohiturak eta kultura ezagutzeko. Ni 2006an etorri nintzen Euskal Herrira. Migratzea oso gogorra izan da nire familiarentzat, eta oso gustura sentitu naiz gure bizipenak entzun eta ulertu dituen familia bategaz bazkari bat partekatuz.

Zer dela eta erabaki zenuen parte hartzea?

Gure nazionalitate bereko lagunik ez dugu, ez dugu inor ezagutzen hemen. Hala, gurasoak konbentzitu nituen ekimenean parte hartzeko, jende ezberdina ezagutu ahal izateko.

Zelakoak izaten dira hitzorduak?

WhatsApp bidez proiektuaren nondik norako denak azaldu zizkiguten. Familia batek bere etxera gonbidatu gintuen eta hitzordua adostu genuen. Familia bien arteko erlazioa oso ona izan zen, etxean bezala sentitu ginen. Gure etxean beti jan ohi dugu arroza laguntzaile modura, hemen, aldiz, ogia. Ordutik, beti izaten dugu ogia mahai-gainean.

Kultura eta bizipen ezberdineko jendea biltzen zarete bazkari horietan. Ezberdintasunak baino, berdintasunak ere badituzue, ezta?

Denak batzen gaitu, baxuak edo altuak izan. Beltzak, zuriak edo mestizoak izan gaitezke, baina horren gainetik pertsonak gara.

Uste duzu mota honetako ekimenak baliagarriak direla gaur egungo arrazakeriari aurre egiteko?

Bai noski, ezin dugu jendea epaitu bere jatorriagatik. Nork bere ohiturak eta kultura dauzka.

Familia horregaz harremanak mantentzen dituzue?

Bai, lagunak gara.

Egitasmoan parte hartu ez dutenei gomendatuko zenieke izena ematea?

Bai, gure herrietatik alde egin dugunon errealitatea ezagutzeko aukera paregabea da hau. Guretzat, garrantzitsua da entzun gaitzatela.

Amalia Lezcano

Paraguai. Behin parte hartu du proiektuan

Zein izan da zure esperientzia Bizilagunak egitasmoan?

Iazko edizioan parte hartu nuen lehenengo aldiz, eta oso polita izan zen, ez dakit zelan azaldu. Esperientzia oso ona izan da, eta bertoko kulturaz zein kanpoko beste batzuez asko ikasteko baliagarria izan zait.

Zer dela eta erabaki zenuen horretan parte hartzea?

Mujeres con Voz elkartean nengoela, baten batek proiektu honen nondik norakoak azaldu zizkidan, eta horretan parte hartzera animatu nintzen.

Zelakoak izaten dira hitzorduak?

Oso ondo pasatu genuen iazko bazkari horretan. Nik ume bi ditut, eta dibertitu egin ziren eurak ere. Gure familiatik lau joan ginen, gonbidatu zigun familiako beste hiru zeuden, eta beste emakume bat egon zen gugaz. Guk postre bat eraman genuen, eta eurek gainontzeko janaria ipini zuten, bakoitzak bere herrialdeko zerbait tipikoa ipini zuen mahaiaren gainean.

Kultura eta bizipen ezberdineko jendea biltzen zarete bazkari horietan. Ezberdintasunak baino, berdintasunak ere badituzue, ezta?

Oso aberasgarria da dena, gainontzekoez asko ikasteko aukera dagoelako. Gainera, bazkariotan etxean egon banintz bezala sentiarazi didate, harrera oso ona egin ziguten.

Uste duzu mota honetako ekimenak baliagarriak direla gaur egungo arrazakeriari aurre egiteko?

Nik uste dut baietz. Honelako gauzetan ez dut inolako diskriminaziorik sentitu inoiz, inondik inora.

Familia horregaz harremanak mantentzen dituzue?

Bai, txangoak eta bestelako hitzorduak egin ditugu elkarregaz. Bizilagunak egitasmoaren beste iniziatibetan ere parte hartu izan dugu, jende asko ezagutu dut horiei esker.

Egitasmoan parte hartu ez dutenei gomendatuko zenieke izena ematea?

Bai. Esperientzia aberasgarria da.

Lucia Martinez

Algorta. Bi bider parte hartu du proiektuan

Zein izan da zure esperientzia Bizilagunak egitasmoan?

Duela hiru urte parte hartu nuen aurrenekoz, nire ahizparen etxean. Berak antolatu zuen eta gonbidatuta joan nintzen, Kolonbiako beste familia batekin batera. Ondoren, gure etxean esperientzia errepikatu nuen, Filipinetako  hiruzpalau andrerekin. Oso aberasgarria izan da.

Zer dela eta erabaki zenuen horretan parte hartzea?

Jende ezberdina ezagutzeko aukera da. Herri honetan kanpoko familiak daude, eta guretarrak dira ere. Batzuetan nahiko partzelatuta gaude denok, gure jatorriak inportantzia handia du lagunak egiterako orduan, baita esperientziak konpartitzeko orduan ere. Hala, egitasmo honek elkar ezagutzeko aukera eskaintzen du, eta disfrutatzeko beste modu bat ere bada.

Zelakoak izaten dira hitzorduak?

Ondo pasatzeko eta giro ona izateko biltzen gara, beti. Horrez gainera, bakoitzak bere bizitza kontatzen du: nondik datorren, bere tradizioak, ohiturak, zelan bizi dituzten hainbat gauza eta janariak. Azken hori oso garrantzitsua da, bakoitzak berea eskaintzen diolako besteari.

Kultura eta bizipen ezberdineko jendea biltzen zarete bazkari horietan. Ezberdintasunak baino, berdintasunak ere badituzue, ezta?

Niretzat oso gogorra izan zen Filipinetako andre hauen hemengo bizimodua ezagutzea lanak oso ordu gutxi eskaintzen dielako astean beren bizitza egiteko.

Uste duzu mota honetako ekimenak baliagarriak direla gaur egungo arrazakeriari aurre egiteko?

Duda barik.

Familia horregaz harremanak mantentzen dituzue?

Bai, kalean topo egin dugu inoiz, eta telefonoak elkarri eman dizkiegu.

Egitasmoan parte hartu ez dutenei gomendatuko zenieke izena ematea?

Bai, noski, giro ona sortzeko asmoa baldin badago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun