Getxoko udaletxearen aurrean elkartu dira Lantegi Batuak-eko beharginak, hitzarmen duina eskatzeko

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 20a, 11:52

Lantegi Batuak-eko zuzendaritzari negoziazioan aurrera egin gura ez izatea eta zikoizkeriaz jokatzea leporatzen diete sindikatuek. UNAI BREA

Urritik etenda daude Lantegi Batuak enpresak langile-batzordeagaz 2018 hasieran abiatu zituen negoziazioak. Langileek batzarra egingo dute gaur Getxon, eta aurretik elkarretaratzea antolatu dute udaletxe parean. Soldaten igoera handiagoa eta "arlo sozialeko" bestelako zenbait neurri eskatzen dituzte.

Orain hamar hilabete hasi ziren hitzarmen kolektibo berria negoziatzen Lantegi Batuak-eko zuzendaritza eta enpresan ordezkaritza daukaten lau sindikatuak: CCOO, ELA, LAB eta UGT. Langile-batzordeak adierazi duenez, uztailean hautsi zuten lehenengoz negoziazio hori; enpresak, orduan, eskaintza hobetu zuen, baina ez behar beste langileen ustez. Manifestazioa egin zuten Bilbon, eta 1.000 lagun elkartu ziren.

Negoziazioari ekin zioten ostera, baina urrian mahaitik altxatu ziren sindikatuak berriro ere. Ordutik mobilizazioak egiten dabiltza. Bizkaian 2.300 langile inguru dauzka Lantegi Batuak (administrazio publikotik kanpo herrialdeko enpresarik handienetakoa da), eta eskualdez eskualde batzarrak eta elkarretaratzeak egiten dabiltza azaroan. Getxoren txanda izan da gaur. Goizeko 09:30ean hasita, ordu erdiz elkartu dira udaletxeko sarrera nagusiaren aurrean. Gainera, manifestaziora deitu dute abenduaren 1ean eta 15ean, Bilbon, eta greba egingo dute abenduaren 20an, gatazka lehenago konpondu ezean.

Enpresako zenbait langileren soldatak administrazioak erabakitzen ditu zuzenean. Besteenak dira akordio-ezaren arrazoi nagusietako bat. Sindikatuek Kontsumoko Prezioen Indizearen araberako igoera gura dute 2018, 2019 eta 2020 urteetarako, kantitate finko batez aparte. "Gutxiago irabazten dutenentzat diru gehiago eskatzen dugu", argitu dute.  

Neurri sozial batzuk ere eskatzen ditu langile-batzordeak, batez ere lan-orduei eta gaixotasunagatiko edo bestelako arrazoiengatiko baimen bereziei dagozkienak. Arlo horretan enpresaren eskaintza "hutsaren hurrengoa" dela uste dute sindikatuek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun