Getxoko Udaleko erakunde autonomoetako (Getxo Kirolak, Jesusen Bihotza Udal-egoitza, Musika Eskola eta Kultur Etxea) langileen soldaten igoera, udal-langileei ez bezala, "murriztu" egin zaiela deitoratu du EH Bilduk. Koalizio abertzaleak jakitera eman duenez, EAJk eta PSEk egin dute proposamena, eta PPk eta Ciudadanosek babestu dute hori.
EH Bilduk azaldu duenez, espainiar Estatuko Aurrekontuek hiru soldata igoera onartzen dizkie langile publikoei (Eudelek ere gomendio bera ematen du): batetik, 2018ko urtarriletik ekainera bitartean %1,5eko igoera, eta bigarrenik, uztailetik eta abendu bitartean %1,75ekoa. Gainera, Getxon %0,3ko igoera ere eman daitekeela gogoratu du koalizio abertzaleak: "Udaleko erakunde autonomoetako langileei ukatu zaiena". Azaldu dutenez, legeak hainbat aukera ematen du %0,3ko igoera aplikatzeko: "Elkarkidetzara bideratzea, berariazko osagarriak berraztertzeko edota igoera zuzenak izateko besteak beste, bat ere ez dute ikusiko erakunde autonomoetako langileek".
Koalizio abertzaleak salatu duenez, Gobernu-taldeak erakunde autonomoetako langileei esan die udal-langileek duten igoera bera izango dutela, "baina hori ez da benetan egia. Udal-langileek adostu zuten aipatutako %0,3ko igoera langileen balorazioa finantzatzeko erabiliko zutela, kontua da Udalean udal-langileen lan balorazioa egiten ari dela, ez ordea, erakunde autonomoetan. Udal-langileek badute konpromiso hori adostuta eta sinatuta baina erakunde autonomoetako langileek ez".
Horren denaren ondorioz, EH Bilduk uste du epe ertainean udal-langile eta erakunde autonomoetako langileen ezberdintasunak "areagotu" egingo direla, "urteak pasatu beharko direlako behargin horien lan-balorazioak egiteko".