ALBEk jasoko du Argia Ereiten Euskara Saria

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 21a, 13:22

Datorren eguaztenean emango diote saria ALBEri. © ALBE

Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) jasoko du Argia Ereiten Euskara Saria, 1980an sortu zenez geroztik euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik. Getxoko Udalak antolatutako sariketaren IX. edizioaren ekitaldia azaroaren 28an, eguaztenean, izango da, 20:00etan, Romo Kultur Etxean.

ALBE 1980an sortu zuten Trino Azkoitiak eta Andoni Iriondok, euskal giroan eragiteko. Lehenengo bertso eskolak nahiko informalak izan ziren, Zabala eskolan. Bertsozaleak biltzen ziren bertan, bertso paper zaharrak atera eta horiek kantatu ondoren, kalean amaitzeko, tabernaz taberna. Urte batzuk igaro ostean, San Nikolas ikastolara lekualdatu ziren, eta horrek aldaketa ekarri zuen, eskola formalagoakaz. Orduan, 1985ean, euskaltegietatik irakasleak eta herriko gazte ugari sartu ziren, horien artean, Joseba Santxo, gehien bat jakin-minez, "mundu zoragarri bat aurkitu genuen, euskara irakasleontzat hura paradisu moduko bat izan zelako, bertsoetarako euskara ezinbesteko tresna zelako, eta gainera Trinok esaten zuena betez, bertsotan ondo pasatu behar zela".

Bertsoen zabalkundea ikastetxeetarako jauziagaz

Beheraldi baten ondoren, erabaki giltzarri bat hartu zen: bertso-eskolak ikastetxeetara ere zabaltzea. Oso harrera ona izan zuten zentroetan, eta handik gutxira hitzarmen bat sinatu zen Getxoko Udalagaz udalerriko ikastetxe guztietan bertso eskolak emateko, gaur arte. Gaur egun ia mila ikasle aritzen dira eskualde osoan, gehienak getxoztarrak. Horretaz aparte, eskola ordutegitik kanpoko bertso klaseak ere egoten dira hainbat ikastetxetan, bertso teknika, errimak eta abar lantzen. Bi maila horietatik igarotzen diren zaletuentzako hurrengo urratsa ALBEn sartzea izaten da.

ALBE bat-bateko eskola da, martitzen arrastietan Aldai Patronatuaren egoitzan (Algortako Karitate, 1) biltzen dira bertsotan kantatzeko. Gaztetxo, gazte eta nagusien taldeak daude, baita hasi berri batzuk ere.

Eskola ausarta eta erreferentea

ALBE erreferente da Euskal Herriko eskolen artean, hiru zutabe dituena: sustapena, transmisioa eta ikerkuntza. Sustapenean hasieran pare bat saio egiten ziren eta gaur egun 30tik gora (Bertso jirak, Bihotza Gazte, ALBE gala, Bertso Jaialdi Mundiala, Maratoia...), asko Euskal Herri mailakoak, inon egiten ez direnak, bereziak.

Eskoletan egiten den lanean oinarritzen da transmisioa eta ikerkuntza alorreko etengabeko jarduna dago bertan. Horretan eta antolakuntza lanean dabilen Goizalde Atxutegi eskolara hurbildu zen 15 urte zituela bertsotan egiteko. Horretan hainbat urtetan ibili ondoren, gai-jartzaile gisa hasi zen. "Uste dut eskola ausarta izan dela beti, formatu zaharrak berreskuratzeko, esaterako, Bakoitik Balkoira, eta berriak plazaratzeko, eta horren barruan, enblema da Bertso Jaialdi Mundiala, entzule asko batzen dituena, bertsoa jolasa izanda. Izaera berritzailea izan da iraupenaren eta egonkortasunaren motiboetako bat eta gainera klabea izan da ulertzea bertsozalea anitza dela, eta bertso-zaletzeko ere izan behar direla saioak”.

Santxo eta Atxutegi bat datoz esatean elkarlana eta talde lana ere badirela eskolaren beste ezaugarrietako bat, eta baita harremanak ere, norabide guztietan, erakunde publikoakaz eta herri elkarteagaz izatea eta belaunaldiz belaunaldien arteko erreleboa bermatzea ere.

Txapel ugari

ALBEren ibilbidean zehar adin eta maila guztietan sari eta txapel ugari ekarri dituzte bertsolariek Getxora. Jone Uria da bat, eskolako kide askok egin duten ibilbide berberagaz, hau da, eskolan bertsotan aritzeko sartu, trebatu, bertso eskolak eman eta kudeaketan eta zuzendaritza batzordean aritu. Berarentzat txapelak eta finaletara eta final erdietara ailegatzea garrantzitsua da, "egia da eskolaren icebergaren punta baino ez dela, baina gauza ikusgarrienetako bat ere, eta garrantzitsua da herrian erreferenteak izatea. Niri lagundu zidan Fredi eta Xabi Paia erreferentetzat edukitzeak, biak Bizkaiko txapeldun ikustea posiblea dela sinisteko eta gazteek ere ikus dezatela hor egoteko aukera dagoela". Une honetan Bizkaiko Txapelketaren finalerdietan lau getxoztar daude.

Bertsolari gazteak, euskaldun finak

ALBEren hasierako helburuetako bat izan zen euskal giroan eragitea, eta hori hasieratik bete zen. Eskolan dabiltzan gazteak euskaldun finak eta konprometituak dira. Horietariko bat da Paule Loizaga. Eskolan ahizparen bidea jarraituz sartu zen eta horrek lagun berriak egiteko eta toki berriak ezagutzeko ateak zabaldu zizkion. Han ikusi zuen eskualdean bazegoela euskaraz jarduteko era dibertigarri bat. "Niretzat eta gainontzeko gazteentzat euskara hutsean bizi ahal izateko espazioa izan da, pertsonalki ase gaitu eta herrian ere eragina du horrek. Bertso eskolan sartu nintzenetik nire kuadrillako batzuek nirekin egiteko euskaraz egiteko ohitura berreskuratu dutelako (lehen gazteleraz egiten genuen), euskaraz bizitzeko gogo eta ohitura agerian utziz. Bertso eskolak horretarako lagundu du. Horrekin batera, herrian egiten diren saioek bermatzen dute herrian eskaintza euskalduna egotea. Bertso eskolaren beste ezaugarri bat da aniztasuna, izaera, adina, eta ikuspuntu desberdinetatik eta bertso eta euskarak lotzen gaitu guztiok", aipatu du Loizagak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun