84 urteko biktimak salaketa aurkeztu ostean eman zion hasiera ikerketari Ertzaintzak; izatez, eguneroko oinarrizko premiei erantzuteko bere banku-kontutik dirua atera gura izan zuenean egiaztatu zuen bere kontuko saldoa "zenbaki gorrietan" zegoela, txartelaren iruzurrezko erabileraren ondorioz.
Getxoko ertzain-etxeko agenteek ustezko iruzurra argitzeko ikerketa abiarazi zuten, eta egiaztatu ahal izan zuten udalerriko sukurtsal bateko kutxazain batetik dirua atera zutela biktimaren kontuagaz lotuta zegoen banku-txartela baliatuta; guztira, 10.000 eurotik gora hilabeteko epean. Ertzainek kutxazainetik dirua atera zuen pertsona identifikatu zuten, biktima zaintzeaz arduratzen zen 23 urteko gizonezkoa hain zuzen ere. Gizonezko horrek, biktimaren baimen barik, eta biktimagaz zuen harremana baliatuta, atera ahal izan zuen dirua, biktima konturatu barik, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak adierazi duenez.