Igogailu bi eraikiko dituzte Aiboan

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 23a, 11:48
Igogailuen infografia. © GETXOKO UDALA

Aiboako metro-geltokia eta Neguri-Algortako goialdea (Jesusen Bihotza Udal-egoitza eta Miguel Beascoa eta Konporte kaleak) lotzeko igogailu bi eraikitzeko lanak esleitu ditu Getxoko Udalak. Aurrekontua 1.039.942 eurokoa izango da, zeinetatik 900.000 euro 2018ko aurrekontu parte-hartzaileetatik bideratuko dira. Lanak Gabonen ondoren hasiko dira.

Lanak gauzatzeko epea sei hilabetekoa da, eta aurreikusi dute igogailuak datorren udan erabili ahalko direla. Igogailuak bertikalak izango dira, panoramikoak, eta kristalezko kabina edukiko dute; gehienez, bidaia bakoitzean 16 lagun batera garraiatzeko gaitasuna izango dute eta Alango eta Villamonteko igogailuen ordutegi berbera izango dute: 05:45etik 24:00etara.

Imanol Landa alkateak azpimarratu duenez, "jarduketa hau 2018ko parte hartzeko aurrekontuen barruan dago eta, hortaz, hiritar getxotarrek egindako ekarpen eta eskarien emaitza da, bereziki Jesusen Bihotza Udal Zaharren egoitzako erabiltzaileenak, zeinekin dagoeneko partekatu dugun proiektua; horientzat albiste handia da eguneroko bizitzan hain oinarrizkoak diren zerbitzuetara, kasuak kasu metrora, iristeko  mugikortasun urria dutenei irisgarritasuna ahalbidetuko diegulako. Alderdi horretan dagoen irisgarritasun arazoa hobetzeko FEKOORen (Gutxitasun Fisikoa edo/eta organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea) eskaera ere asebeteko da, baita Aiboan eta Negurin bizi diren auzotarrena. Eskaera sentigarria izan da beti guretzat eta 2010eko maiatzean arrapala-igogailua jarri genuen martxan, Txakursolo eta Makaleta Etorbidea Aiboako metroarekin lotzen dituena; orain jarraipena emango diogu bi ekipamendu berri hauekin eta oinezkoentzako bide berri batekin".

Igogailu panoramiko bi

Proiektuaren arabera, bi igogailu eraikiko dira: lehenengoa, Aiboako metro geltokitik aterako da (geltokiko sarbideren paretik, egungo tunela amaitzen den tokian) eta bi geraleku izango ditu: bat trenbide ondotik paraleloan doan espaloiaren mailan, eta bestea gorago, sortuko den oinezkoentzako ibilbide berri baten parean, bigarren igogailura eramango duena. Bigarren ekipamendu horrek Miguel Beascoa kaleraino igoko da, eta bi sarbide izango ditu, bata zuzena Jesusen Bihotza Udal-egoitzarako eta bertako Eguneko Zentrorako eta bigarrena Miguel Beascoa kale bertakoa. Hortaz, bi igogailuen erdian geraleku bat izango da, sortuko den oinezkoentzako ibilbide berrian, Marqués del Real Socorro eta Arkotxa kaleetan egun dauden ibilbideei segida emango diena, egungo plazaren bitartez. Egingo den bide berriaren amaieran oinezkoen pasabide bat hasiko da, Ormetxerekin lotuko dena.

25 metro igoko dira bien artean eta jarduketak ez du ukituko baso-eremua; lanek erasan zitzaketen zuhaitzak aldatu egingo dira, dauden eremuak galdu gabe, eta zuhaitz berriak landatuko dira.

Igogailu bikoitz berria eraikitzeko lanak alderdi horretako beste batzuei gehituko zaie: batetik, gaur egun Alango-Aiboa aldean oinezkoen ibilbideak hobetu eta finkatzeko egiten ari diren lanei, eta, bestetik, Alangoko 4. Igogailua eraikitzekoei; baita Euskal Herria eta Txakursolo eta Euskal Herria eta Foru kaleetako elkarguneetan dagoeneko amaituta dauden bi biribilguneei; Juan Bautista Uribarri kaleako irekierari; eta Iturribarri parkeko oinezkoen ibilbideei. Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak aipatu duenez, obra berria igogailu beretik haratago doan jarduketa integral baten barruan dago, "eguneroko bizitzan hain oinarrizkoak diren zerbitzuetara, -hala nola metroa, udal Zahar-egoitza eta Udaletxea bera-, mugikortasun urriko pertsonen eta gure udalerrira datozen gainontzeko lagunen irisgarritasuna bermatzeaz gainera, urrats berri bat ere egingo baitugu aurrera, Aiboa-Alango-Arene esparru publikoa egokitzeko Plan integrala gauzatzeko bidean; honako premisa hauek dituen egitasmoa: irisgarritasun unibertsalaren, aisialdiaren eta jolas-eremuen hobetze mekanikoa eta zirkulazioaren lasaitzea. Alderdi honetan egingo ditugun lan guzti hauek Neguri eta Algorta arteko lotura berria ekarriko dute herritarren aisialdirako, erabilerarako eta gozamenerako parke berri baten bitartez, paseatzeko, egoteko eta modu erosoan leku batetik bestera joateko", azpimarratu du alkateak.

Aiboa, Alango, Arene eta Iturribarriko esparru publikoak egokitzeko plan integralak 3 miloi euroko inbertsioa eta hamaika jarduketa aurreikusten ditu; horietatik zortzi eginda daude edo egiten ari dira. Bakarrik egiteke daude Alango kalearen egokitzea, inguru horretan BOE etxebizitza gehiago eraikitzea ahalbidetzeko, Iturribarri parkearen urbanizazioa eta Aiboako baso-eremuaren egokitzea.

2005ean Ereagan lehenengo igogailua inauguratu zenez geroztik, Villamonteko biak egin dira, 2010eko martxoan; Txakursolo-Aiboakoa, urte bereko maiatzean; Alangon dauden hiruak, 2011ko maiatzean; eta Portu Zaharrekoa, aurtengo uztailean. Halaber, irisgarritasuna hobetzeko, arrapala mekanikoak ere eraiki dira, Bidezabalgoak 2006an, eta Salsidukoak 2008an. Orain Aiboa eta Neguriko goialdea/Algorta arteko konexiori ekingo diote eta Portu Zaharreko Genaratxutik Usategira arteko igogailua eraikitzea geratzen da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun