Adostutako neurriak getxoztarrak jatorrian egiten duten gaikako banaketan gehiago inplikatzera begirakoak dira batez ere; bereziki organikoaren bilketa, "ondorengo tratamenduetan arrakasta izateko giltzarri delako", hitzarmenean jasotzen denez.
Horren haritik, aipatutako ekintzen artean, nabarmentzekoa da 2019ko ekitaldian zehar plastikozko ontzi, paper-kartoi eta gainerako hondakinei dagozkien edukiontzien estalkien "ahoak" zabalduko direla. Aldaketa horri esker auzokideek ez dute zertan eskuagaz ukitu beharko edukiontziaren estalkia. Era berean, HHSen batzeak dakartzan kostuen azterketa egingo dute laster, horrela zerbitzuaren tasa egokitzeko batez ere, hainbat irizpide kontuan hartuta; behin azterketa eginda hondakin tasak egokituko dira, besteak beste, horrela birziklatzen duenak gutxiago ordain dezan. Horrez gainera, hiru talde sinatzaileek Getxon konpostaje-instalazio bat jartzea proposatu dute, bere kokapena Bizkaiko Foru Aldundiagaz adostuta sei hilabeteko epean, erakunde hori hiri hondakinen tratamenduen arduraduna den heinean.
Imanol Landa alkateak, bere eta gobernu taldearen izenean, akordio berriaren onurak azpimarratu ditu. PSE-EE eta EAJk osatzen duten gobernutik aipatu duenez, "udalerriarentzat oinarrizko helburu estrategikoetan kontsentsua bilatzen dugula frogatu dugu berriro. Hiri Hondakin Solidoei dagokionez EH bildurekin lortu dugun akordioak, 2012an formazio horrekin lortutako konpromisoetan aurrera egitea suposatzen du; hain zuzen ere Hiri Hondakin Solidoen batzea eta kale garbiketaren inguruko kontratuan jasotako zerbitzuetan (%50a helburu eta parte-hartze foroa). Gobernu honek mahaiaren beste aldean akordiorako borondatea duen solaskidea topatzen duenean, akordioetara heltzen da eta alde horretatik EH Bilduk adierazi duen akordiorako borondatea eskertzen dut. Izan ere amaitzear dagoen legegintzaldia sakoneko akordioez josita dago; udalerriak aurrera egitea ahalbidetzen ari diren akordioak".
Izan ere, alkateak gogoratu du amaitzear dagoen legegintzaldia sakoneko akordioez josita dagoela; udalerriak aurrera egitea ahalbidetzen ari diren akordioak: Gobernua osatzeko bera (EAJ eta PSE-EE); 2016-2019 Legegintzaldi Plana eta beraren garapena 2016an EH Bildugaz lortutako aurrekontu-akordioagaz; 2016ko amaieran Algortako trafikoaren, irisgarritasuna erraztearen eta aparkamenduen inguruan PPgaz lortutakoa; eta aurrekontuen inguruko eta HAPOaren berrikusteari buruzko akordioak; biak ere popularrakaz 2018rako eta PPk berak alde bakartasunez apurtu zituenak.
EH Bilduren iritzian bestalde, akordioan adostutako neurri horiek "ezinbestekoak" dira hondakinen politikan aurrerapausoak emateko. "Akordioan jasotzen diren horietako batzuk, hain zuzen, dira EH Bilduk forora eramandako neurriak gai honetan Getxon aurrerapausoak eman ditzagun. Akordio honek ZERO ZABOR politikan aurrerapausoak ematen lagunduko digu udalerri bezala. Horrelako akordioek erakusten dute, borondatea dagoenean aurrerapausoak eman ditzakegula udal-politiketan ere bai, oposiziotik ere proposamen eraikitzaile eta gauzagarriak eginez", nabarmendu du Nerea Guijarrubia koalizio abertzalearen bozeramaileak.
Getxoko EH Bilduren balorazio osoa irakurtzeko, sakatu hemen.
Akordioaren eduki osoa
Sinatzen dugun hiru alderdiok, Hiri Hondakin Solidoen kudeaketaren ekonomia zirkularraren barruko politikak inplementatzea adosten dugu; horren barruan, berez balioa duten eta horrela tratatu behar diren errekurtso bezala hartzen baitira. Ondorioz, “Getxo-Erronka %50”en aurreikusitako helburuak lortzea ahalbidetzen dituzten neurriak martxan jartzea adosten dugu; aldez aurretik aurreikusitako epeak laburtuz eta Europar Batasunak markatutako helburu berriekin bat eginez.
Adostutako neurriak gure herritarrak jatorrian egiten duten gaikako banaketan gehiago inplikatzera begirakoak dira batez ere; bereziki organikoaren bilketa, ondorengo tratamenduetan arrakasta izateko giltzarri baita.
Hemen adostutakoa, Hiri Hondakin solidoen kudeaketarako analisirako eta hobekuntzarako lan-taldeak izandako ikerketak, eztabaidak eta proposamenak aztertu eta proposamen horietako batzuk geureganatuz lortu da.
Adostutako neurriak hauek dira:
- Komunikazio kanpaina burutzea. Kanpainaren helburua udalerriko etxe guztietara helduko den organikoaren batze-selektiboa ezartzeari begirakoa izango da. Horretarako, Osoko Bilkuran onartu zen kreditu gehigarria, 175.000 eurokoa, berehala kontratatzeko espedientea has dadin.
- Konpostegia jartzea Getxon. Horretarako Bizkaiko Foru Aldundiari, Hiri hondakinen tratamenduen arduraduna den heinean, udalerriko ingurumen konplexuan konpostegia jartzea proposatuko zaio. Negoziazioan Getxoko Udalak Aldundiari eskatuko dio Konpostegian nagusiki Getxon batutako organikoa kudeatu dadila eta tratamendu horretatik eratorritako konposta lehentasunez erabili dadila gure udalerrian. Konpostegiaren kokapena ere adostu beharko da negoziazioan. Eskaintza honek eta horrek eskatzen duen Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Getxoko Udalaren arteko akordioa, gehienez sei hilabeteko epean lortu beharko da. Horrela ez balitz, epe horretan akordiorik ez balego, hiru alderdiok 6 hilabeteko epean gehienez Udalak berak konpostegia jartzeko beharrezkoak diren baldintzak adostuko dituzte horretarako beharrezkoak diren izapideei hasiera emanez.
- Hiri Hondakin Solidoen batzeak dakartzan kostuen azterketa egitea berehala, horrela zerbitzuaren tasa egokitzeko batez ere, ondorengo irizpideak kontuan izanda: Hiritarrak birziklapenenean inplikatzea, horrela birziklatzen duenak gutxiago ordain dezan. Jasotako zerbitzuak. Zerbitzuaren kostu eta izaera hondakinak sortzen dituzten etxe eta lokalen araberakoak. Kategoria bakoitzeko behar teknikoak eta kostuak. Azterketa hori egiteko kreditu gehigarria 18.150 euroan aurreikusten da
- Behin azterketa eginda 6 hilabeteko epean alderdi sinatzaileek hondakin tasak egokituko dituzte ikerketaren emaitzei jarraituz.
- 2019ko ekitaldian zehar plastikozko ontzi, paper-kartoi eta gainerako hondakinei dagozkien kontenedoreetan ahoak zabaltzea. Aldaketa honen helburua auzokideei poltsak sartzerakoan erraztasunak ematea izango da, edukiontzia eskuarekin ukitu behar ez dezaten. Neurri hau Hiri Hondakin Solidoen kudeaketa hobetzeko lan-taldean adostua izan da eta hura egingarri bihurtzeko kreditu gehigarria 175.000 eurotan aurreikusten da.
- Hiru alderdiok aipatu neurriak egikaritzeko beharrezkoak diren kreditu gehigarriak bermatuko dituzte adostutako kopuruan. Aipatu kreditu gehigarriak nahiko ez badira eta handitu behar badira negoziazio berriak hasiko dira.
- Akordio honen zabalkunde publikoa hiru alderdien artean modu bateratuan egingo da, unean bertan eta ohiko bideak erabiliz.
- Dokumentu honetan aipatzen diren epeak ez dira akordioa bera gauzatzeko epeak baizik eta neurriak garatzeko epeak.