Martitzenean isiotuko dituzte Gabonetako argiak Getxon

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 28a, 11:55

Datorren martitzenean, abenduaren 4an, Gabonetako argiztapena piztuko dute Getxon, eta urtarrilaren 6ra bitartean piztuta egongo da. Isiotze-ekitaldia Romo Kultur Etxearen inguruan izango da, 18:30ean. Aurten, Udalak 222.066 euro inbertitu ditu argi denak udalerrian jartzeko.

Udalak, bigarren aldiz, argiztapen horren kudeaketa osorik hartu du bere gain eta 222.066 euro inbertitu ditu. Horrek % 38ko hazkundea suposatzen du aurreko urteagaz alderatuta; horregatik dekorazioa hedatu da aurreko urteetan argi-dekoraziorik ez zuten kale eta plazetara. Zerbitzu hori esleitzeko Azpiegitura Sailak prozedura irekia egin du.

Iaz Udala harremanetan jarri zen 64 jabeen elkargogaz baimena eskatzeko ainguraketak ipintzeko etxeen fatxadetan. Aurten ere horrela egin du eta 2017an ezezkoa eman zuten 9 jabeen elkargogaz ere jarri da harremanetan, baita instalazio berriak ipintzea aurreikusten zen beste 13 gunetakoakaz ere; horietatik 8 baiezko erantzun jaso ditu. Udalak eskerrak eman gura dizkie horiei denei adierazitako adeitasunagatik eta, bereziki, eskakizunari baiezkoa eman dioten 56 elkargoei beraien laguntzagatik.

Beste jabeen elkargo batzuen ezezko erantzunaren aurrean, hainbat puntutan beharrezkoa izan da metalezko zutabeak jartzea; eta horrek  ekonomikoki eta estetikoki ezinbesteko eragina izango du udalerrian, baita oinezkoen ibilbideetan ere.

Dekorazioa

Udalak 10.450 metro luzeko argi-hari edo girlanda LED (15,4 Kw.) jarri ditu, batez ere zuhaitzen gainean, eta 84 argi-apaingarri fatxaden artean edo zutabeen gainean, eta 4 izei (30,3Kw), horiek guztiak LED teknologiakoak,  honako kale hauetako hainbat lekutan:  Eduardo Coste, Areetako Etorbidea, Nagusia, Mesedeetakoa, Andrés Larrazabal, Paulino Mendibil, Ibaiondo, Santa Eugenia, Kresaltzu, Arriluze–Zugatzarte, Orobio, Amezti, Euskalerria, Torrene, J.B. Zabala, Algortako Etorbidea, Telletxe, Maidagan, Villaondoeta–Salsidu eta Aingeruaren Etorbidea; parkeetan eta plazetan (Santa Ana, Bizkaia Zubia, Ganeta, San Inazio, Neguri geltokia, Gernika, Telletxe, Manuel Gainza, Villamonte, Tellagorri, San Nikolas, Borobia, Malakate) eta udalerriko sarbideetan: Artaza biribilgunea, Euskalerria eta Bidezabal-Sarrikobaso.

Era berean, esleipendun enpresak aurkeztutako hobekuntzek hainbat kale eta plazatan instalazio berriak ipintzea ahalbidetu dute, besteak beste hauetan: Adiskidetasuna, Santa Eugenia plaza, Sarrikobaso, Maria de Ibarra plaza, Aldapa, Kuskuburu…

Argiak pizteko ordutegia hurrengoa izango da: 07:00etatik 08:30era arte, eta 17:30etik  23:00ak arte domekatik eguenera, eta 17:30etik 01:00a arte bariku eta zapatu gauetan, baita jaiegun bezperetako gauetan ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun