Koalizio abertzaleak berriro deitoratu du EAJk "ezentzunarena" egiten diola euren aldarrikapenari. Izan ere, akordio zabalagoa lortzeko bidean ipini beharrean, "2009an alderdi soil batzuekin egindako akordioari gogor heldu dio, eta bestelako akordio posibleak baztertu". Gogoratu dutenez, alkateari behin baino gehiagotan akordioa lantzeko eskatu diote, "baina gure eskariari muzin egin dio".
EH Bilduren aburuz, "ezinbestekoa da memoriaren eta biktima guztien errekonozimenduan aurrerapausoak ematea. Horretarako, 2009an erdietsitako akordioari iraungitze data heldu zaiola deritzogu. Uste dugu garaia dela bestelako aurrerapauso batzuk emateko, eta akordio zabalagoak lortzeko".
Iragarri dute aurrerantzean prest egongo direla gaiari berri heltzeko, akordio zabalagoa lortzeko eta biktima eta min denak aitortuak izan daitezen. Bitartean, ekitaldi horretan parte hartuko ez dutela azaldu dute.