Garazi Sanchez: "Profesional bilakatzen naizela sentitzeak konfiantza ematen dit"

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 30a, 15:17

Garazi Sanchez surflariak aurten lehen aldiz lortu du Basque Teamen beka. Europako zerrendan hirugarren postuan zegoen, baina lesio bategatik ezin izan zuen esperotako errendimendua izan Munduko txapelketan. Getxoztarrak denboraldiaren balantzea egin du.

"Kirolari denon amets txarrena lesionatuta egotea izan daiteke eta urteko momenturik txarrenean izan zen niretzat Mundiala; parte horretatik apur bat tristea izan zen baina kirolari denek dituzten faseak dira eta horri aurre egiteko modua positiboki pentsatzea da. Zeozer ikasiko dudala pentsatu gura dut", azaldu du Sanchezek.

Getxoztarrak dioenez, "aurten izan da denboraldi osoa egingo nuen lehen urtea. Esperientzia oso ona izan da. Profesional bilakatzen naizela sentitzeak konfiantza ematen dit. Txandei aurre egiteko modua aldatzen da eta uste dut askoz gehiago disfrutatzen dudala txapelketetatik eta kirolari izatetik".

2019ko Munduko Surf Txapelketan lehen lekuak banatzen hasiko dira eta surflarientzat gorriz markatutako hitzordua izango da hori. Hala, gazteak uste du "epe laburrean garrantzitsuena nire lesioa gainditzea" dela, baina espero du "urteko momentu onenean ailegatzea. denok urduri gaude lehen aldiz sailkatuko delako norbait Olinpiar Jokoetarako. Guretzat hori berria eta oso polita da, beraz, nire maila eman ahal izatea eta lekua lortzea espero dut".

Surfa olinpiar programan sartzeak kirola nolabait profesionalizatu duela uste du Sanchezek. Izan ere, "lehen, txapelketetan aritzen zirenak free surferrak ziren eta orain kirolariak garela uste dut. Beste kiroletatik jende asko etorri da: fisioak, entrenatzaileak, eta horrek kirolean pauso bat ematea ahalbidetu du. Surflaria izatea eta zure kirola mundu mailan aitzindaria izatea harro egoteko modukoa da. Kirola hezkuntza eta kulturarekin lotuta dago. Neskek ikusiko dute posiblea dela, eta hori ona izango da emakumeentzat zein gizonentzat".
 
Basque Team Fundazioak urte honetan eman dion laguntza oso garrantzitsua izan dela aitortu du Sanchezek: "Zoritxarrez dirua da mugatzen gaituena eta muga hori laguntzen kentzea oso garrantzitsua da, eta beste alde batetik lesio bategaz sentitu ahal duzun laguntza eta hainbat gauzagaz eman ahal dizueten orientazioa. Bakarkako kiroletan zaila da erabakia hartzea eta norbait aditua bada zerbaitetan, euren laguntza izatea oso kontu garrantzitsua da norberaren karrerarako".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun