Abrako harea-erausteak gelditzeko eskatu dute

Iker Rincon Moreno 2018ko abe. 5a, 09:39
Extreme Man triatloia hartu zuen 2012ko maiatzaren 13an Ereaga hondartza inguruak. Hori aprobetxatuz, dragaren kontrako elkarretaratzea egin zuen Abra Bizirik Getxoko plataformak.

Luzuero gainaren aurrean egiten ari diren dragaren kontrako elkarretaratzea deitu du Abra Bizirik Getxoko Plataformak abenduaren 15erako, zapaturako. Protestaldia Algortako Portu Zaharrean izango da, 13:00etan.

Abra Bizirik Getxoko Plataformak gogoratu duenez, Bilboko Portu Agintaritzak 2016ko irailean eman zien hasiera 39 hilabeteko iraupena izango duten Erdiko Kaiaren eraikuntza lanei. Hala, Santurtzi eta Zierbena artean, Abraren 334.000 metro koadro ur beteko dituzte, azpiegitura hori osatzeko. "Jadanik bi urtez burutu diren gunearen inguratze lanak eta gero, beteketa lanak hasi dira eta hauek egiteko Luzuero muturraren kanpoaldeko itsas-hondoetatik 8,5 milioi metro kubiko harea ateratzen hasi dira", ohartarazi dute ekologistek. Getxoko Plataformak ohartarazi duenaren arabera, Kosta Legeak debekatu egiten du itsas-hondotik eraikuntzarako materialak ateratzea, hondartzak sortzeko eta berreskuratzeko ez bada. "Hala ere, 2013ko maiatzaren 8ko Ingurugiro Adierazpenak Luzuero lurmutur aurrean 49 milioi metro kubikoko harea-erausteak, baldintza batzuk zehaztuz, burutzeko bide eman zuen", deitoratu dute ekologistek. Geroztik birritan egin ditu bertan draga lanak Bilboko Portu Agintaritzak. Abra Bizirik Getxoko Plataformak egindako kronologia:

  • 2016ko apirilean eta maiatzean draga-ontziak itsas-hondotik ateratako hondarrak AZ-2 eta AZ-3 kaien arteko gunea betetzeko erabili ziren, harea erauste proiektuan beteketa lan hauek zerrendatuta ez badaude ere. Egindako lan hauek burutu aurretik eta bitartean, derrigorrezkoa
    den Ingurugiro Zaintza Programa ez zen aktibatu izan.
  • 2017ko ekainean beste draga-ontzi batek Erdiko Kaiaren kanpoko ingurua osatzen duten kaxoien betetze lanak burutu zituen, Luzuero lurmuturretik iparrera itsas-hondotik xurgatutako materialak erabiliz. Lan hauetarako ere ez zen aktibatu izan Ingurugiro Zaintza Programa eta gainera, hondartzen bainu denboraldia hasita egin ziren, pertsonen osasuna arriskuan jarriz.
  • 2018ko urrian Erdiko Kaia betetzeko behar diren 8,5 milioi m3 harea erausteari ekin dio Bilboko Portuak. Lan hauek lauzpabost hilabetetan zehar luzatuko dira. Orain arte Luzuero inguruan egin diren harea erauste handienak izango dira.

Abra Bizirik Getxoko Plataformak itsaso zabaleko itsas-hondoetatik hareak eraustearen kontrako jarrera irmoa azaldu du behin eta berriro:

  • Tamaina honetako harea erausteak itsas-hondoan kalte atzeraezinak eragiten ditu. Faunan eta floran kalte larriak eragiten ditu.
  • Itsas-hondoak hustuz, denboraleetan olatuen indarra handitzen du eta hondartzen egonkortasuna arriskuan jartzen du, bereziki Muskiz eta Zierbenako Arena hondartzaren egonkortasuna, baina baita Getxo eta Uribe Kostako hondartzena ere bai.
  • Dragatze gunearen kutsadura maila altuaren ondorioz, material kutsakorrak hedatzeko eta ingurugiro zein osasun arazoak sortzeko arriskuak ekartzen ditu.
  • Punta Luzueroko draga lanak burutzeko Bilboko portuak baimenduta daukan hareak jasotzeko teknika, "lavado de finos" izenekoa, antzeko kutsadura mailak zituen Gijóngo portuaren lanetarako debekatu egin zen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun