Izena emateko epea abenduaren 11n amaituko da. Tartean, Itxartu.com eta Getxoatletismo.eus web guneetan egin daiteke, online. Halaber, Fadura, Gobela eta Andra Mari kiroldegietan eta Kantxa Kirol Moda (Algorta), Bikila (Bilbo) eta Sportlandia (Portugalete) kirol-dendetan eman daiteke izena, aldez aurretik. Lekukotasun-lasterketa doakoa da; berriz, 9 kilometroko ibilbidea egiteko 8 euro ordaindu beharra dago.
Lasterketa Fadurako kiroldegiko eraikin nagusiaren paretik aterako da, goizeko 11:00etan, eta udalerriko auzoetan barrena 9 kilometro egin ondoren, Fadurara itzuliko da, atletismoko pistako helmugara. Lasterketa hasi baino lehen, 10:30ean, lekukotasun-proba egingo da, 2 kilometrokoa, umeei eta familiei zuzendua, lehia barik. Izan ere, umeengan zein bere laguntzaileengan eta lasterketak egiten ohituta ez daudenengan dago pentsatuta ekimen hori.
Memorialaren zergatia
Itziar Lopez de Uralde atleta algortarra hil egin zen 1982ko abenduaren 30ean, 26 urte zituela, Basurtuko ospitalean. Bertara eroan zuten lau egun lehenago, larri, Leioako Bi-103 errepidetik footinga egiten zebilela guardia zibil batek gidatutako auto batek harrapatu ostean. Gidariak ihes egiteari ekin zion eta, bertsio ofizialaren arabera, istripua gertatu zenean autoan bidaiatzen zuten beste guardia zibil bik ezin izan zuten pilotua geldiarazi. Bidaia Lemoizko Komandantzian bukatu ei zuten eta lankideek bertan entregatu zuten gidaria.
Harrapaketatik egun bitara, oraindino Lopez de Uralde bizirik zegoela, Guardia Zibilak kanporatu zuen Antonio Jiménez Almellones, Lemoizen destinatutako guardia zibil bat, Lopez de Uralderi laguntza ukatu izana frogatutzat joz.
1986ko maiatzaren 9an, Bizkaiko Auzitegiak honako zigorra ezarri zion Jiménezi: urte bat eta egun bateko espetxe zigorra, 19.000 pezetako isuna (114 bat euro), errieta pribatua eta gidatzeko baimena hiru hilabetez kentzea.
1990eko irailaren 28an, Espainiako Ministroen Kontseiluak indultua eman zion Itziar Lopez de Uralde hil zuen guardia zibil ohiari, 50.000 pezeta (300 bat euro) ordezko zigorra ezarrita.
Gaur egun, atleta algortarra zena ez dago onartuta "segurtasun-indarrek bizitzeko eskubidearen aurka egindako urraketen" biktima gisa. Izan ere, bere kasua ez da agertzen Eusko Jaurlaritzak 2015ean udalerrika atera zuen "Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri" bilduman, ez Getxoko liburukian ezta Leioakoan ere.
Lopez de Uralderen heriotzatik urte batera, 1983an, Getxoko Atletismo Taldeak burutu zuen Itziar Lopez de Uralde Oroi-Lasterketaren lehenengo edizioa. Azken urteotan, Algortako Itxartu taldea batu da, gerora antolakuntzako ardura hartzeko.