TKEk eta Getxo Kirol Portuak berretsi egin dute Getxoko Ikurrina izatea 2019an ere

Iker Rincon Moreno 2018ko abe. 6a, 11:23
Atzoko hitzarmen-ekitaldia. © GETXOKO UDALA

Traineru Kluben Elkarteak eta El Abra - Getxo Kirol Portua sozietateak hitzarmena sinatu zuten atzo, Getxoko Ikurrina sustatzeko. Kirol Portuak 54.450 euro bideratuko du.

Imanol Landak eta Borja Rodrigok sinatu zuten atzoko lankidetza-hitzarmena, lehenengoak Getxoko Udala eta El Abra-Getxo Kirol Portua sozietatea ordezkatzen eta bigarrenak, TKEko presidente gisa. Luzapenen bidez, itunak ahalbidetuko du Getxok 2022ra arte punta-puntako traineruak izatea bertako banderaren bila.

Imanol Landak atzo azaldutakoaren arabera, "Getxoko Ikurrinak balio digu Getxoko Kirol Portuko ekintza zabaltzeko". Modu berean, azaldu zuen estropada horiek "oihartzun handiko" ekitaldiak direla, porturako eta herriarentzat "oso garrantzitsuak", besteak beste "hedabideetan eragina dutelako eta portuko azpiegiturari balio erantsia ematen diotelako, udalerrirako ekonomia produktiboa sortzen baitute".

Ekitaldian, alkateak gogorarazi zuen emakumezkoen Euskotren Ligak eta baita gizonezkoen Eusko Label Ligak ere "sozialki eta ekonomikoki eragin handia duen kirol-ekitaldiak" direla. Hala, adierazi zuenez, El Abra-Getxo Kirol Portua Sozietateak oso interesatuta dago portuari lotutako kirol lehiaketak sustatzen, portuko azpiegitura ezagutarazten eta jendea bertara erakartzen. Bide horretan, Getxoko Ikurrina Kirol Portuan egiteak "portuko ekonomia eta turismoa sustatuko ditu eta, hortaz, bultzatu egin beharra dago, sozietatearen helburua kontuan hartuta", landaren ustean.

Bestalde, Borja Rodrigo TKEko presidenteak jakinarazi zuen elkarteak konpromiso hartu duela Getxoko Ikurrina 2019ko Eusko Label eta Euskotren ligetako estropada puntuagarrien egutegian sartzeko eta, kontratuaren luzapena adostuz gero, 2022ra arte kontu bera egingo dutela: "Sinatu dugun hitzarmenak berretsi ditu elkartearentzat Getxoko hiriak duen garrantzia eta balioa".

Hamabost urteko harreman estua

Rodrigok gogorarazi zuenez, Getxok TKEren ondoan nabigatu du hasieratik: "gugaz dabil 2003 urtetik", TKE sortu zenetik. Urte hartan, Getxoko urek jaso zuten jardunaldi bat. Horregatik, elkartearen izenean, Rodrigok eskertu zion Getxoko Udalari "urte guzti horietan gugan ipinitako konfiantza". "Jada hasi gara prestatzen datorren denboraldia eta espero dugu, uztailaren 28an, bazkideek horrela erabakitzen badute, momentuko traineru onenek kolorez bete dezaten Getxoko urak eta azken urte hauetan bizi izan ditugunak bezalako irudi ikusgarriekin goza dezagun", gaineratu zuen TKEko presidenteak.

TKEk antolatuko du emakumezkoen Euskotren Ligaren eta baita gizonezkoen Eusko Label Ligaren estropada bana, El Abra-Getxo Kirol Portuaren babesaz. Azken horrek 54.450 euro emango du, atzo erakunde biek sinatutako hitzarmenean jaso zutenez. 2019an, hartara, Getxoko Estropaden XL. Ikurrina egingo da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun