Antolatzaileek jakinarazi dutenez, probaren egunean bertan ere izena eman ahal izango da, goizeko 10:15ean. Tartean Itxas Argiako lokalean inskribatu gura dutenek astelehenetan eta eguaztenetan egin ahal izango dute, 19:00etatik 21:00etara. Ordutegi horretan ere dortsalak jaso ahal izango dira.
Krosa goizeko 10:30ean hasiko da, umeen 2.500 metroko lasterketagaz, Andra Mari kiroldegian. Izan ere, leku hori irteera eta helmuga izango da. Umeen proban parte hartu ahal izango dute 2005ean zein geroago jaiotakoek.
Ordu erdi beranduago hasiera emango diote lasterketa nagusiari. Maila denek beteko dute 8.800 metroko ibilbidea, halere sariak mailaka emango dituzte gero. Ibilbidea honakoa izango da: Andra Mari kiroldegia, Maidagan eta Torrebarria kaleak, Goñi, Tosu, Martiturri, Perune eta Moreaga estratak, Zientoetxe errepidea, Azkorriko parkinga, Galeako pasealekua, Itsasargirako errepidea, Santa Marina haitzak, Bostgarrena eta Gustavo Adolfo Becquer kaleak, Aingeruaren Etorbidea eta Andra Mari kiroldegia.