Bilboko alkategaia izango da Raquel González popularra

Iker Rincon Moreno 2018ko abe. 12a, 15:58

Alonso eta González aurkezpen-ekitaldian. © BIZKAIKO PP

Raquel González Getxoko zinegotzi eta Bizkaiko PPren presidentea Bilboko alkatetza lortzen ahaleginduko da, datorren maiatzeko udal-hauteskundeetan.

Gonzálezek joan den astelehenean iragarri zuen erabakia, Alfonso Alonso EAEko PPren presidenteak lagunduta. Getxoko zinegotziak azaldu zuenez, "ohore eta erantzukizun handiz hartu dut nire gain Bilboko Alkatetzarako hautagaitza... Prest gaude hiriari beste aire bat eta bilbotar denei proiektu onena emateko!". Aurreko hauteskundeetan, hautagaia Luis Eguíluz izan zen; urte berean, Bilboko PPren presidente izateko hautatu zuten Eguíluz.

Alonsok goraipatu zuen Gonzálezen ahalmena, berak "Bilbok behingoz emakume bat alkate izan dezan" lor dezakeelakoan. Arabarrak ez zuen kontuan hartu Pilar Kareaga alkate izan zela 1969 eta 1975 bitartean, Frankismoan. Bestalde, Alonsok eskertu zion Bilboko PPren udal-taldeari egindako "Lan bikaina".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun