Denera, tenisean ibilbide oparoa egin duten zazpi kirolariri, klubi eta kirolzaleri egingo diete omenaldia. Honakoak dira goraipatuko dituztenak:
- Álvaro González Getxoko Kirol zinegotzia eta errugbilari ohia, "Getxoko tenisari, eta oro har Euskadikoari, emandako laguntza etengabea eta erabakigarriagatik".
- Igor Del Busto, Euskal Tenis Federazioko presidentea eta Jolasetako tenis-klubaren zuzendaritzako kide ohia, "euskal tenisaren alde egin duen lan bikainagatik, tenisa defendatzen eta klubak, teknikoak, epaileak eta jokalariak baldintza barik babesten".
- Jorge Camiña, munduko tenis-txapelduna, 70 urtez gorakoen mailan, "2018an, lortutako emaitza ezin hobeengatik".
- Elias Sagarminaga, munduko tenis-txapelduna, 80 urtez gorakoen mailan, "2018an, lortutako emaitza ezin hobeengatik".
- Anne Mintegi, Espainiako tenis-txapelduna, kadete-mailan, "2018an, lortutako emaitza ezin hobeengatik".
- Carlos Ruiz de Ocenda, tenis-epailea, "Estatuko zein nazioarteko epailetzan izan duen aparteko karreragatik, aulkiko epaileren eta marrazainaren arduretan, eta beti agertu duen aldarte eraikitzaileagatik eta Arabako eta Euskadiko tenisa babesteagatik".
- Donostiako errege-tenisaren kluba, "Euskadiko tenis-klubik zaharrena, euskal tenisari egindako ekarpen garrantzitsuagatik eta 114 urtean egin duen aparteko ibilbideagatik, lehiaketa- eta formakuntza-jardueran eta denentzako tenisaren aldeko apustua eginez.
Halere, horiek ez dira Galan banatuko diren sari bakarrak; euren oroigarriak jasoko dituzte Euskadiko Txapelketako, Hego Euskal Herriko, Errioxako eta Kantabriako VNRC Txapelketako eta Iparreko Zirkuituko irabazleek.
Gainera, Galaren aurretik hainbat jarduera izango da Faduran. Goizeko 10:00etan, tenis-epaileek euren buruak birziklatzeko zortzigarren mintegia izango dute; hala, "Juez de silla, otra forma de ver el tenis" berbaldia eskainiko du Jaume Campistol Nazioarteko Tenis Federazioaren urre-mailako aulkiko epaileak.
Goizeko 11:30ean, berriz, entrenatzaileen mintegia hasiko da, Gonzalo López Faberok azalduko duen "Desarrollo de la táctica desde la iniciación a la competición" ponentziagaz; Lópezek munduko 100 tenislari onenetako batzuk entrenatu ditu: Julian Alonso, Temur Gabashvili, Ecgeny Donskoy eta Jesse Levine. Ondoren, 12:45ean, Pancho Campo tenis-jokalari profesional ohiak berba egingo du, "Gestión del estrés y entrenamiento mental" gaiaren gainean; Campok Andre Agassi, Stefan Edberg, Barack Obama, Al Gore eta Sting-agaz lan egin du, besteak beste. Entrenatzaileen mintegia 14:00etan amaituko da, Igor Del Busto ETFko presidentearen parte hartzeagaz.
Epaileen eta entrenatzaileen mintegietan egon ahal izateko aurretik izena eman beharra dago, honako posta elektronikora mezua bidaliz: fvascatenis@fvascatenis.net. Ordaindu ere egin beharra dago, baina momentuan egin ahal izango da hori. Diru-kopuruak 10 eta 30 euro bitartekoak dira, gura den berbaldi-kopuruaren eta norberaren lizentziaren arabera.
Era berean, 16:00etan, Euskal Tenis Federazioaren Zuzendaritza bilduko da.