Algortako hirigunearen bide nagusiko zati hori irekita, trafikoaren normaltasuna berreskuratuko da; eta horri esker, Gabonetako egun batzuetan aurreikusita dauden zenbait ekitaldi, hala nola Itziar López de Uralde Oroi-lasterketa eta Olentzero eta Errege Magoen desfileak, inolako trabarik gabe ibili ahal izango dira bertatik, udal-iturriek iragarri dutenez.
Hainbat hilabeteetako lanen ondoren, Algortako Etorbidean, Torrene eta Mariandresena kaleen arteko zatian, denera 1.640 metro koadroko azaleran, espaloiak zabaldu dira eta zoladura, hiri-altzariak, argiteria eta saneamendu-sarea berritu dira, besteak beste.
Gainera, Mariandresena kaleko irisgarritasuna hobetu da, 1.050 metro koadroko azaleran. Hor, espaloiak zabaldu dira kalearen alde bietan, oinezkoentzako ibilbideen zabalerak bermatzeko, irisgarritasunaren gaineko araudiak hala eskatzen baitu eta zerbitzu berri batzuk ere bideratu dira, euri eta argi sareak, besteak beste.
Hurrengo urratsa: Manuel Gainza aparkalekua
Bigarren fase horren ondoren, Manuel Gainza parkean lurpeko aparkalekua eraikitzeko lanak egingo dira. Horiek, aurreikusitakoaren arabera, datorren otsailaren hasieran abiatuko dira. Gaur egun proiektua ari da idazten; 2 urteko epea izango da lanak gauzatzeko.
Halere, datorren hilabetetik aurrera, aparkalekua eraikitzen hasi aurreko hainbat lan ikusiko dira: besteak beste, obrako itxiturak ipiniko dira, argiteria publikoa kenduko da eta parkean dauden zuhaitz espezieak, ahal direnak, beste leku batzuetan birlandatuko dira; gaixorik daudenak, berriz, kendu egingo dira.