Erakunde autonomoetan ere langileen soldata igotzea aldarrikatu du CCOO sindikatuak

Iker Rincon Moreno 2018ko abe. 28a, 10:13

Getxoko Jesusen Bihotzaren Udal Egoitzako bost lanpostu amortizatzeaz gainera, Udalak bertako langileen soldaten %0,3ko igoera bermatuko ez duela deitoratu du CCOO Euskadi sindikatuak. Izan ere, Getxoko Udalak erabaki du ez duela erakunde autonomoetako (Getxo Kirolak, Jesusen Bihotza Udal-egoitza, Musika Eskola eta Kultur Etxea) langileen soldatak handituko, udal-langileei ez bezala.

CCOO Euskadi Sindikatuaren arabera, erabaki horrek eragingo duena da udal-langileen eta erakunde autonomoetako langileen arteko diskriminazioa. "Talde biek lan-hitzarmen bera daukagu, eskubide eta betebehar berdinak. Hala, berdintasuna eskatzen dugu, alde guztietan", adierazi dute sindikatukoek.

Espainiar Estatuko Aurrekontuek hiru soldata igoera onartzen dizkie langile publikoei (Eudelek ere gomendio bera ematen du): batetik, 2018ko urtarriletik ekainera bitartean %1,5eko igoera, eta bigarrenik, uztailetik eta abendu bitartean %1,75ekoa. Gainera, Getxon %0,3ko igoera ere eman daitekeela gogoratu du Getxoko EH Bilduk: "Udaleko erakunde autonomoetako langileei ukatu zaiena". Azaldu dutenez, legeak hainbat aukera ematen du %0,3ko igoera aplikatzeko: "Elkarkidetzara bideratzea, berariazko osagarriak berraztertzeko edota igoera zuzenak izateko besteak beste, bat ere ez dute ikusiko erakunde autonomoetako langileek".

Koalizio abertzaleak salatu duenez, Gobernu-taldeak erakunde autonomoetako langileei esan die udal-langileek duten igoera bera izango dutela, "baina hori ez da benetan egia. Udal-langileek adostu zuten aipatutako %0,3ko igoera langileen balorazioa finantzatzeko erabiliko zutela, kontua da Udalean udal-langileen lan balorazioa egiten ari dela, ez ordea, erakunde autonomoetan. Udal-langileek badute konpromiso hori adostuta eta sinatuta baina erakunde autonomoetako langileek ez".

Horren denaren ondorioz, EH Bilduk uste du epe ertainean udal-langile eta erakunde autonomoetako langileen ezberdintasunak "areagotu" egingo direla, "urteak pasatu beharko direlako behargin horien lan-balorazioak egiteko".

Horren harira, langileen ezberdintasun horiek areagotu ez daitezen, Getxoko Jesusen Bihotzaren Udal Egoitzako beharginek udal-langileek dituzten "eskubide berdinak" aldarrikatu dituzte, "soldataren igoera barne". Hala, aldarrikapen berdina egiteko gonbidapena egin diete gainontzeko erakunde autonomoetako langileei.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun