Urriaren 29a aurkeztu zuen GUKek mozioa, hau da, Zorizko Jokorik gabeko Munduko Egunean. Azkenik, abenduaren 26an ailegatu zen osoko bilkurara, baina ez zuen aurrera egin EAJk, PSEk eta PPk aurka bozkatu zuten eta.
Eusko Jaurlaritzari araudi zorrotzagoa eskatzea zen GUKen helburu nagusietakoa. Zehazki, "aretoen irekiera mugatzeko, elkarren arteko gutxieneko distantziak ezartzeko, ikastetxeekiko kokapena erregulatzeko eta kirol-jardueretan zein espazio publikoetan haien sustatzea kontrolatzeko" eskatu gura zioten Lakuari, beste udal batzuetan egindakoaren ildo beretik.
Getxori dagokionez, Udaltzaingoa gaiarekiko hezi eta Udalak kontzientziazio-kanpainak egitea ziren mozioak proposatukotako neurriak. GUKen esanetan, "kezkagarria da azken urteetan gertatu den mota horretako aretoen zabalkundea, batez ere kirolei lotuta; horregaz batera, gora egin dute ludopatiari lortutako arazoek, batez ere 15 eta 18 urte arteko pertsonengan".
"Osasun Ministerioaren datuen arabera, azken lau urteetan %6tik %25era igo da apustuekiko adikzioa 25 urtetik beherakoengan", gaineratu dute.
Mozioari ezetz esan ziotenek, berriz, adierazi zuten eskatutakoen antzeko kontrol-neurriak badaudela daborduko indarrean, eta gaiak azterketa orokor bat behar duela.