Begoñako galerietako bisitarien kopurua %25 hazi da 2018an

Iker Rincon Moreno 2019ko urt. 3a, 11:11
Bisitariak Begoñako galerietan. © GETXOKO UDALA

Guztira 100 ekimen antolatu ditu Getxoko Udalak 2018an Begoñako galerietan. Gaur egun, abian da aretoko leihateak finkatzeko obra.

15.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira 2018an Begoñako galerietara, Getxoko Udalak aditzera eman duenez. Iaz 100 urte bete ziren galerien proiektua diseinatu zutenetik. Hori dela eta, 100 ekimen antolatu ditu bertan Udalak 2018an, GetxoPhoto, UPV/EHUren Zientziaren Astea, Mikroantzerkia eta Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak besteak beste

Jatorriari dagokionez, galeriak bisitatu dituztenen %65 Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleak dira, horietatik gehienak bizkaitarrak. Aipatzekoa da, bestalde, Estatuko hainbat autonomia erkidegotako bisitariak izan direla, hala nola Andaluzia, Katalunia, Madril eta Gaztela eta Leon.

Daborduko aretoa iragazgaiztu dute, goiko eremuan Abrako badiaren gaineko behatokia eraiki dute eta hego-mendebaldeko galeria gaitu dute. Egun, abian dago leihateak finkatzeko obra. Arotzeria han bertan landuko da; honenbestez, bisitariek eta tailer didaktikoko parte-hartzaileek obraren xehetasunak ikusi ahal izango dituzte bertatik bertara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun