Getxoko Wanted lehiaketan hautatutako proiektuak saritu dituzte

Iker Rincon Moreno 2019ko urt. 3a, 15:41
Wanted lehiaketan sarituak izan diren proiektuen egileak © GETXOKO UDALA

Eskudirutan jasotako sariaz gain, proiektu bakoitzak 10 orduko aholkularitza profesionala jasoko du, talde bakoitzak aukeratzen duen gaiaren inguruan.

Wanted Ideien Lehiaketaren 10.edizioan hautatuak izan diren proiektuak ezagutzera eman ditu Getxoko Udalak.

"Oreka" izeneko lana aurkeztu du Denis Ugaldek. Elikagaiak berreskuratzeko B2B zerbitzua eskaintzen duen proiektua da, eta 7.500€ jasoko ditu. Tamar Gigolashivilik, bestalde, gastronomiaren eremuko berrikuntza-proiektua sortu du. "Osito&Co" izena du, gominola alkoholdunak merkaturatzean datza, eta 10.500€ jasoko ditu.

 “Hondale” fikziozko film laburra da eta Getxoko udalerriari ikusgaitasuna emateaz gain, urteak nola igarotzen diren lantzen du. Sustatzailea Ainara Mentxaka Rodriguez da eta 7.385€ jasoko ditu. Ane Lopez Letonak, bere aldetik, pertsona adinduen kontakizunari balioa eman eta "Komunitatea Hartu" izeneko proiektua aurkeztu du, gizartearen transmisioa berreskuratzeko helburuaz. Belaunaldien arteko tailerrez eta argazki-erakusketaz baliatu da horretarako, eta 5.115€ jasoko ditu.

Azkenik, “GetxoEXP” proiektu soziokulturala sortu dute Itxaso Bereistegi Hoyos eta Karla Crego Cordónek.  Hainbat gaien inguruan (dantza, kaligrafia, argazkia...) esperientziak nahiz erakusketak sortzeko ekimena da, eta 10.000€ jasoko ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun