Garazi Sanchez surflariak jaso du Getxoko kirolari onenaren saria

Iker Rincon Moreno 2019ko urt. 11a, 08:45
Garazi Sanchezek eskuratu du kirolari onenaren saria ©GETXOKO UDALA

Olatz Etxebarria judoka, Pablo Paredes eskubaloiko jokalaria, Garazi Sánchez surflaria eta Rafa Vilallonga belar-hockeyko jokalaria izan dira Getxoko 2018ko kirolari onenaren saria irabazteko lau hautagaiak. Epaimahaia Getxo Kirolak-eko eta kirolagaz lotura duten erreferentziazko pertsonek osatu dute.

Garazi Sanchez surflariak eskuratu du Getxoko 2018ko kirolari onenaren saria, Getxoko Udalak Olatua itsas bidaien terminalean antolatu duen "Getxo Sasoi Sasoian" Kirolaren XII.galan. Europan hirugarren sailkatu da Sanchez 2018an, Espainiako txapela irabazi eta selekzio moduan urrezko domina eskuratu du Japonian lehiatutako Aloha Cup txapelketan.

Urtarrilaren 10ean, eguena, ospatu du Getxok kirolaren festa. Bertan saritu dituzte ere Getxoko Aixerrota Boleibol Klub Taldeko emakume gazteen taldea, RC Jolasetako belar hockey-ko gizonen taldea, Bizkerre Futbol Klubeko nesken taldeak eta Fadura Tenis Klubeko mutilen taldeak.

Horrez gain, hainbat sari berezi eman dituzte: Hockey Stick Getxo Klubaren sortzaileak, Verónica Grandek, “Berdintasuna indartuz” saria eskuratu du, berdintasuna sustatzeagatik. Getxo Arraun Taldeko Jorge Pineda arraunlariak, berriz, desgaitasunaren bat duten kirolarientzako “Marka hautsiz” saria lortu du. Koldo Gorrotxategik “Kiroltasuna” saria jaso du Getxo Errugbian daroan ibilbide luzearengatik. Trirunners Running Klubari “Getxo Berrituz” berrikuntzarako saria eman diote, Juan Carlos Larreari “Getxo Zabala” saria, piraguismoa sustatzeko Getxo Kayaka klubean egindako lanarengatik. Azkenik, José Luis Ribedek “Aitzindariak” saria eskuratu du, belagaz lotuta kirol ibilbide goresgarria egiteagatik Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting Klubean.

Sari horien bitartez, udalerrian kirola sustatzen duten pertsonen eta erakundeen lana aitortu gura ditu Getxoko Udalak. 

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun