Hutsik dauden etxebizitzen kudeaketa planifikatzeko azterlana egin du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2019ko urt. 18a, 10:20

Azterlan hau Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) EH Bildugaz etxebizitzaren alorrean adostutako hitzarmenen zati bat da.

Getxoko Udalak etxebizitzen benetako okupazio-maila zen den jakiteko, eta, ondoren, hutsik dauden etxebizitzak eta horien mobilizazioa kudeatzeko politika egokiak planifikatzeko lana egin du. Adierazi duenez, Getxon dauden 33.627 etxebizitzetatik 1.028 baino ez daude benetan hutsik, ez direlako gaur egun ohiko etxebizitza modura erabiltzen. Hutsik dauden 1.028 etxebizitzetatik 902 "kudeagarriak" dira, hau da, ez dira ez ohiko etxebizitza ez bulegoa, eta ez daude salgai edo alokatzeko dauden etxebizitzen merkatuaren barruan sartuta.

Azterlan horren baitan, hutsik dauden etxebizitzak aztertu, zenbatu eta karakterizatu dituzte. Hala, Getxoko etxebizitzen benetako okupazio-maila zein den jakin eta hutsik dauden etxebizitzak eta horien mobilizazioa kudeatzeko politika egokiak planifikatu gura dituzte.

Egindako landa-lanagaz, ondorioztatu dute hutsik egon daitezkeen etxebizitzen erdia baino gehiago (% 58,1) ohiko etxebizitza modura erabiltzen direla: lautik hiru etxebizitzen jabeek edo horien senitartekoek erabiltzen dituzte, eta gainerako etxebizitzak alokairuan dauden errentariek. Etxebizitzen % 11,4 bigarren bizitetxeak dira, eta gainerako % 30,5a hutsik dauden etxebizitzek osatzen dute.

Hutsik dauden etxebizitza gehienak Algortan daude, eta atzetik ditu Areeta, Andra Mari eta Romo. Etxebizitzak hutsik egotearen zergatiari dagokionez, alokairuen edo hirigintza-inbertsioen bidez etxebizitzok errenta-iturri modura erabiltzeko arrazoia eman dute gehienek; beste batzuek, ordea, senitartekoentzat gordeta dituztela adierazi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun