Getxoko IV. Euskara Plana aurkeztu du Udalak

Unai Brea 2019ko urt. 25a, 19:03
Koldo Iturbe Euskara zinegotziak (hemen artxiboko argazkia batean) aurkeztu du IV. Sustapen Plana. © GETXOKO UDALA

Datozen urteetan (2022ra arte) indarrean egongo den Euskara Sustatzeko IV. Ekintza Plana aurkeztu du Getxoko Udalak. Denera 140 neurri jasoko ditu plangintza berriak, hamaika esparrutan ezarriko direnak.

Hizkuntza-gaitasun handitzea eta erabilera sustatzea, horra hor aurkeztutako planaren helburu nagusiak, Getxoko Udalaren esanetan. Koldo Iturbe Euskara Zinegotziaren esanetan, aurreko urteetan arrakasta eduki duten ekinbideak errepikatu eta berriak sortuko dira laugarren sustapen-plana aplikatzearen ondorioz.

"Lehentasuna emango diegu ume eta gazteen aisiari, guraso gazteei, administrazioaren proaktibotasunari eta kultur espazio berrietan euskara ohiko hizkuntza izateari", nabarmendu du Iturbek aurkezpenean. Azaldu duenez, IV. Sustapen Planak aurrekoen ildo bera jorratuko du, eta 140 neurri aurreikusten ditu, hamaika esparrutan: familia, irakaskuntza, helduen euskalduntzea, kultur artekotasuna, administrazioa, aisialdia, kirola, lan-mundua, kulturgintza, komunikabideak eta teknologia berriak.

III. Planaren betetze-maila, %79koa

IV. Plana aurkezteaz batera, Getxoko Udalak jakinarazi du III.ean (2013-2017) aurreikusitako 285 neurrietatik 227 burutu direla, hau da, %79. Adierazi dutenez, betetze-mailarik altuena euskararen transmisioagaz lotutako neurrietan lortu da, eta txikiena kulturgintzaren, hedabideen eta teknologia berrien alorretan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun